argia.eus
INPRIMATU
Mari Jose Beaumont
“Ez nau harritzen zelatatzeak, estoldak beti egon dira eta daude”
  • Espainiako Poliziak Mari Jose Beaumont zelatatu zuen 2015ean Uxue Barkos lehendakariak Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Funtzio Publikoa, Barne eta Justizia kontseilaria izendatu zuenean.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko martxoaren 03a
Beaumont kargua zin egin zuen 2015eko uztailean. Argazkia: EFE

PP zegoen orduan Espainiako Gobernuan eta Jorge Fenández Díaz zen Barne ministro. 2015eko otsailaren 22a zen, Beaumont izendatu berria, eta Barne Ministerioko Estatu idazkari Francisco Martínez WhatsApp-ez mezuak elkar trukatzen ari zen Enrique García Castañorekin, orduan Laguntza Operatiborako Unitate Zentraleko arduradunarekin. Unitate hori arduratzen da telefono entzuketez eta gisa horretako jarraipenez. infoLibre atariak azaleratu duen informazioaren arabera, hainbat zelatatzeri buruz ari ziren eta une zehatz batean, Estatu idazkariak Beaumonti buruz galdetu zion Garcíari:

– “Aizu, eta Nafarroako Bilduko kontseilariari buruz ez duzu kontutxorik?”.

– “Nafarroakoa, galdetuko dut. Aurreratuko dizut, oso garbi dago”, erantzuten du Polizia buruak.

– “Eta bere ingurunea?”, jarraitzen du temati Estatu idazkariak.

– “Begiratuko dut”, zehazten du poliziak.

Jorge Fernández Diaz ministro ohia, ezkerrean, eta Francisco Martinez Estatu idazkaria. Argazkia: EFE

Mari Jose Beaumont abokatu ezaguna zen Nafarroan, besteak beste, urte luzez Itoizko Koordinadorak izen bereko urtegiaren aurkako hainbat auzi eraman zituelako. EH Bildu ez zen ofizialki aldaketaren gobernura sartu, baina kontseilari batzuk hark aholkatuta edo haren oniritziz heldu ziren Foru Gobernura, horien artean Beaumont.

Beaumonten ustez, orain azaldu den informazioa oso larria eta salagarria da, baina ez da batere harritzekoa. Adierazi du ikusi behar duela nola garatzen den kontua Kitchen auziaren baitan, eta horren arabera erabakiko duela legezko jardueraren bati ekin ala ez. Bere buruari galdetzen dio ea zergatik ateratzen den orain 2015etik ezaguna den kontua: “Ondorioztatzen dut nire kasua ez zela zerbait isolatua. Estatuaren estoldetako eremua da, beti egon dira eta jarraitzen dute egoten”.

Geroa Baik eta EH Bilduk oso larritzat jo dute zelatatzea, eta auzia argitzea eta erantzukizunak eskatu dituzte. EH Bilduk jakinarazi du Bel Pozueta diputatuak hainbat galdera egingo duela Kongresuan auziaren inguruko informazio osoa eskuratzeko, eta horrelakorik berriz gerta ez dadin eskatzeko.

Espainiako Gobernuaren jardunean ohikoak dira gisa honetako estoldetako jarduerak. Iaz oso ezaguna izan zen Pegasus kasua, zeinaren bidez, Espainiako Poliziak Kataluniako eta Euskal Herriko politikari independentistak zelatatu zituen. PSOEko goi karguak ere espiatu zituzten, besteak beste Pedro Sánchez gobernuburua eta Margarita Robles Defentsa ministroa. Hala ere, Espainiako Kongresuan hainbat alderdik auziari buruzko ikerketa batzordea eratzea eskatu zutenean, PSOEk, PPk eta Voxek atzera bota zuten eskaera. Orain, Espainiako Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak hamabost urteko zigorra eskatu du Fernández Díaz PPko ministro ohiaren aurka, Kitchen auzian izandako jokaeragatik.