Mari Boine artista sami ezagun eta errespetatuena da. Samiak Norvegia, Suedia, Finlandia eta Errusia iparraldean bizi diren indigenak dira, eta diskriminazio garai zaharrak atzean utzi badituzte ere, nahikoa lan badute euren hizkuntzari eusten (egun, datu zehatzik ez bada ere, 100.000 pertsona inguruk dakite samiera). Mari Boine beren kantu tradizionalak jazz eta rockarekin nahastu zituen lehen artista izan zen, oso militantea euren kulturarekin. 1994ko Olinpiar Jokoen inaugurazio ekitaldian parte hartzeko gonbidatu zuten, baina uko egin zion, Norvegiak mundu osoaren aurrean gutxiengoak errespetatuko balitu bezala egin nahi zuela salatuz.
Entzun ondorengo kantua, benetan ederra da.
Ahots zoragarria eta talde paregabea duen artistak, Donostiako Jazzaldian eskainiko du gaur kontzertua, Kursaal aretoaren atzealdean jarritako agertokian (Frigo gunea deitua), 23:00etan. Aukera paregabea kultura oso aberats eta txiki bat lehen eskutik ezagutzeko. Urriaren 15ean Bilbon izango da, baina hau urrun da oraindik.
Hemen irakur dezakezue orain hiru urte samiei buruz egin nuen erreportajea: Samien iraultza isila. Bestela, inprimatzeko hobetsitako PDFa.