argia.eus
INPRIMATU
Margoketak egin dituzte Getarian bigarren etxebizitzen kopurua salatuz
  • Azkeen asteetan, Urruñan eta Hendaian bezala, Getarian ere margoketak egin dituzte hutsak dauden zenbait bigarren etxebizitzatan.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko apirilaren 07a
Argazkia: Guillaume Fauveau

Asteburuan, "Etxe hutsa=etxe libre!" edota "Aski da!" mezuak idatzi dituzte Getarian hutsik dauden bigarren etxebizitzetan. Aurreko asteetan Hendaian etxebizitzen prezioak salatzeko margoketak egin ziren eta Urruñan paristarrei zuzendutako kartelak ere jarri zituzten. 

Getariako margoketak etxe pribatuetan, higiezinen-agentzia bulego batean eta herriko zenbait paretetan agertu dira, herrian bigarren etxebizitzen kopuruak sortzen duen arazoa agerian utziz. Izan ere, Getariako etxeen %50 baino gehiago bigarren etxebizitzak dira.

Getariako auzapezak azaldu duenez, komisaldegian bi salaketa aurkeztu dira eta margoketak ezabatzeari ekin diote.  Urtean behin halako ekintzak egiten direla adierazi du: "Zoritxarren ohituak gara". Bere ustez, kostaldeko problematiken berri emateko beste modu batzuk daudela gaineratu du. 

Getarikoaz gain, antzeko gertakariak izan dira Ipar Euskal Herrian, pil-pilean baitago gaia. Hendaian, etxebizitzen metro koadroen prezioak salatu zituzten margoketen bidez eta Bidarraiko mendietan 600.000 eurotan saldu zen etxe batean ere margoketak egin ziren pasa den urtarrilean. Urruñan, ordea, bigarren etxebizitzak dituzten paristarrei zuzendutako ekintzak egin zituzten, etxera itzultzeko gonbidapena luzatuz.