Irulegiko eskuarekin euskararen jatorriaren misterioa areagotu da. Niretzat esku horren inguruko eztabaidak politak izaten ari dira, berriz ere berresten digulako historiak batzuetan orainetik ezartzen dugun logikari ihes egiten diola, eta han parte hartzen duten pertsonak bezain gizatiarra dela. Baina lasai, hau ez da Irulegiko eskuari buruzko beste artikulu bat izango.
Kontua da, Irulegiko eskuak merezitako protagonismoa hartu baino lehenago, "euskarazko lehen hitzen" titulua beste hitz polit batzuek zeukatela: jzioqui dugu / guec ajutuez dugu bikoteak, hain zuzen ere. Duela gutxi arte, Donemiliagako glosa gisa sailkaturiko esalditxo hauek ziren ezagutzen genituen euskarazko esaldi zaharrenak. X. mende bukaerako edo XI. mende hasierako kodex baten –hau da, eskuz eta latinez idatzitako Erdi Aroko liburutzar horietako baten– orrialde bazter batean ageri dira, agi denez, monje kopista batek apuntatuta latinez idatzita zegoena hobeto ulertzeko.
Ez zen arraroa kodize bazterretan idaztea. Batzuetan testua hobeto ulertzeko ohartxoak ziren, beste batzuetan, besterik gabe, kopistek, aspertu ere egiten baitziren, bere kontuak apuntatzen zituzten, marrazkitxoak egiten zituzten, edo bere herriko poemak idazten zituzten. Testu guzti horiei marginalia esaten zaie.
Duela hilabete batzuk How Irish Saved Civilization (Irlandarrek zibilizazioa nola salbatu zuten) liburuaren gaztelaniazko itzulpena irakurri nuen. Historia interesgarri bat kontatzen du; irlandarrek zibilizazio klasikoaren ezagutzaren transmisioan jokatu zuten ezinbesteko papera. Irlandar fraideak izan ziren, antza, latinez eta grekoz idatziriko Antzinateko eskuizkribu guzti haien kopiatzaile nagusiak, hasiera batean; eta, ondorioz, esan dezakegu irlandarrei zor zaiela, dokumentu haiek galbidetik salbatu baitzituzten, Mendebaldeko kultura eta, are, zibilizazioa esaten diogun horren jarraikortasuna.
1800ean gaeliko elebakarrak 800.000 omen ziren. 1911an 17.000 gelditzen ziren. 1998an hil zen Cill Ghallagáin, azken elebakarra
Elizgizon irlandar guzti horiek eskuizkribuen bazterretan idazteko ohitura zuten ere, bere hizkuntzan, jakina hau da, gaelikoz. Adibidez, Troiako Hektorren heriotzaren deskribapenaren azpian, kopistak, hunkituta, hau idatzi zuen: "Goian aipatutako heriotzak tristatu nau". Beste kopista gazte batek, berriz, beste hau: "Uda betean, arboladian neskatxo bat aurkitu zuen. Masustaz betetako magala eskaini zion. Marrubizko besarkadak eman zizkion". Eta beste batek, beste hauek: "Denek jakin nahi dute norekin egingo duen lo Aideen ilehoriak. Dakidan bakarra da Aideenek ez duela inoiz bakarrik lo egingo".
Egia esan, gaelikoa ez zuten bazterretan soilik erabiltzen. Eskuizkribuetan gramatika irlandarrak ere badaude, eta ahozko literatura pilo bat, eta, diotenez, berau da herri literaturarekin loturiko testu zaharrenak gordetzen dituen hizkuntza. Orain, aitzindari haiek zerabilten hizkuntza jende gutxik ezagutzen du, eta are gutxiagok hitz egiten.
Yásnaya Aguilar hizkuntzalariak esaten duen moduan, arrazoi asko daude hizkuntza bat hitz egiten ikasteko, baina bakarra hitz egiteari uzteko: hizkuntza horretako hiztunek jasan duten diskriminazioa. Irlandarren kasuan Ingalaterraren kolonizazio bortitza dago atzean. 1800ean gaeliko elebakarrak 800.000 omen ziren. 1911an 17.000 gelditzen ziren. 1998an hil zen Cill Ghallagáin, azken elebakarra.
Gaur egun, Mendebaldeko testu garrantzitsuen ertzetan idatzitako hitz haiek ulertzeko gai diren lagunak 260.000 inguru omen dira. Hala ere, nahiz eta ordezkapen kulturala ia burutua izan, azkeneraino eman behar bataila. Horri buruz ere badakite zerbait irlandarrek.