Kurtso hasieran, 2024ko irailean EHUko Bizkaiko campusean lan-zuzenbidea irakasten zuen irakasle faxista baten berri eman zuten ikasleek. Beste irakasle bat salatu berri dute, oraingoan EHUko Arabako campusean Farmazia Fakultatean, sare sozialetan mezu eta ideia erreakzionarioak zabaltzeagatik.
Pasa den ostegunean jakin zuten Arabako campuseko farmaziako ikasleek, “fakultatean bertan sare sozialen bitartez irakasle bat mezu arrazista, matxista, homofobo eta transfoboak zabaltzen zebilela”. Egun gutxitan oihartzun handia lortu du berriak. “Ikasleon artean saretuz lortu genuen mezu hau ikasleria osoarengana zabaltzea, eta klase guztietara heltzea”, dio Maren Lazpiur Ikasle Abertzaleakeko (IA) kideak. Hartu diren neurriak ikasleen antolatze eta saretzetik datozela azpimarratu du Marenek. Dekanotzarekin bildu ziren IAko kideak atzo, eta egoera lasaitzeko besterik ez zela izan dio Marenek: “Ez bagina antolatzen hasiko, probablea da neurri horiek inoiz hatu ez izana”.
Erantzun bat antolatzeko bidean, asanbladak deitu zituzten astelehenean. Hainbat lagun gerturatu ziren jarritako bi hitzorduetara, goizez zein arratsaldez. Astearteko manifestaziorako deia ere zabaldu zuten, ikasle zein irakasle parte hartzera gonbidatuz. Asteartean 14:00etan Farmaziako Fakultatetik abiatu zen mobilizaziora ehunka ikasle batu ziren.
EHUk neurri batzuk hartu dituen arren, “muga batzuk” dituela seinalatu dute IAtik. Ikasleek seinalatu duten irakasleak salatu berri du, X sare sozialeko kontua hakeatu ziotela, eta argitara atera diren mezu faxista horiek ez direla berak partekatutakoak. “Hau egiaztatzea gure eskuetatik kanpo dago”, dio Marenek, eta EHUri dagokiola argitze lanetan ibiltzea.
Hala ere, ikasleen diskurtsoa ez da aldatu, “gizartean gertatzen ari den gorakada erreakzionarioa ikasleoi larritzen gaituen gauza bat” dela adierazi dute. Eta hala erakutsi dute asteartean 14:00etan egindako manifestazioan, baita unibertsitatean ez dutela inolako jarrera erreakzionariorik onartuko ere.
Kasu honen atzean eraso zibernetikoa egon ala ez, “orokorrean” ematen ari den kasua dela seinalatu dute IAko kideek, eta horren aurrean, arazoa pertsonifikatzetik urrun, erantzun orokortua eman behar zaiola defendatu dute. “Erantzun bat emateko posizio bat” sortu nahi izan dute, irakasle zein ikasleen artean, horrelako kasuen aurrean erantzuteko prest egongo dena.
Elkarrizketa osoa hemen entzungai: