argia.eus
INPRIMATU
Marcos komandante-ordeak zapatisten bozeramaile izateari utzi dio
  • Marcos komandante-ordeak iragarri du EZLNko  ahotsa izateari utzi diola, mugimenduan egon diren “pensamendu eta berlaunaldi” aldaketek eraginda. Igandean agerpena egin zuen lider zapatistak Chiapaseko La Realidad komunitatean, bere ahotsa “azken aldiz” entzunarazteko.

Ane Lusarreta 2014ko maiatzaren 26a
Marcos komandante-ordea: \"EZLNn formatu diren gazteak gero eta ardura handiagoak hartzen ari dira, eta horrek belaunakdi eta pentsamendu aldaketa dakar\".

Azken hitzak hedabide alternatiboen aurrean irakurri zituen, eta Argiaren eta itzalaren artean izenburudun oharrean “gehiago ez existitzea taldean hartutako erabakia” dela azaldu zuen, ez “heriotzak edo gaixotasunek” eragindakoa.

Maiatzaren 2an hil zuten Jose Luis Solís López “Galeano”  kideari omenaldia egin zioten hilaren 25ean Chiapaseko komunitatean. Egun hori  aukeratu zuen komandante-ordeak albistea emateko. Bost  urte zeramatzan agerpen publikorik egin gabe.

Komandante-ordearen esanetan Marcos pertsonaiaren desagerpena EZLNren barnean gertatzen ari diren aldaketekin bat dator. Izan ere, talde matxinatuan formatu diren gazteak gero eta ardura handiagoak hartzen ari dira, zapatisten liderrak azaldu zuenez.

Oharraren bidez EZLNren oinarriak gogoratu eta errepaso historikoa egin zuen hogei urtez zapatisten ordezkari izan denak. Marcos pertsonaia hedabideek sortu eta mugimendu zapatistak bere komenientziarako baliatu duen asmakuntza dela azaldu zuen, eta mezu zuzena bidali zien bai bere jarraitzaileei eta baita aurkakoei ere: “Marcos Komandante-ordea maitatu eta gorrotatu dutenek orain badakite holograma bat maitatu eta gorrotatu dutela. Maitasun eta gorrotoak, beraz, zentzugabeak, antzuak, hutsak izan dira” azaldu zuen.

Bost puntutan banatutako dokumentua da irakurri zuena: “Erabaki zaila” deiturikoa lehenengoa, zeinean EZLNren 1994ko hastapenak kontatzen diren; “Porrota?” izenburudun atalean kontsekuente izateak porrota badakar zapatistei ez zaiela “arrakasta eskuratzea interesatzen” azaltzen du; “Erreleboa” izena du hirugarren pasarteak, bertan EZLNren barnean etengabeko aldaketak egon direla jakinarazten du, nabarmenenak belaunaldi erreleboak; “Holograma aldakorra. Izango ez dena” izenburudun pasartean Marcos pertsonaiaren sorkuntzaren zergatia azaltzen ditu, “borroka indigena ikusarazteko eta aintzakotzat hartzeko” formula gisara; eta amaitzeko, “Mina eta amorrua. Xuxurlak eta oihuak” atalean Galeano kidearen erailketak eragindako amorruaz hitz egitendu.