argia.eus
INPRIMATU
Marcel Bouché agronomoa Ainhizen: “Zizareak gehiago produzitzen du traktoreak baino“
  • Apirilaren 28an Ainhizen mintzatuko da Marcel Bouché biologo eta agronomoa Euskal Herriko Laborantza Ganbarak gonbidaturik, pentze eta alorretan zizareek egiten duten lan izugarria esplikatzeko.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2016ko apirilaren 25
Marcel Bouché bere liburuaren aurkezpenean. (Argazkia: AFAF Agroecologie)

Gaian mundu mailako izena daukan Bouché ikerlariak azaldu izan du gure inguruetan hektarea bat lurrean 1,2 tona zizare edo gehiago bizi ohi direla. “1,2 kilo haragi”, zehazten du. “Konparazioa egiteko, gutako batek 50 kilo egiten du, Hektarea bateko intsektu guztien artean 60 kilo eta bioaniztasunaren erakusgarritzat dauzkagun hegaztiek kilo bat baino gutxiago”.

Zizare armada handi horrek hektarea batean bere hesteetatik barrena prozesatzen ditu 300 tona baino gehiago urtean. Gai organikoak jaten diuzte, mineral xehatuekin nahasi eta eginkari gisa botatzen, hilabete batzuen ondoren berriro haietako asko berriro jateko. Zizareek birziklatzen dute gero landareek kontsumituko duten nitrogenorik gehiena. Lan hori guztia egiten dute hektarea bateko zelai bateko lurpean osatutako 4.000 kilometroko galeria sareetan barrena, birziklatzen dutenak. Horiek denak xehetu ditu Bouchék bere "Des vers de terre et des hommes" azken liburuan.

Nekazarientzat garrantzia handia du oso gutxi aipatzen den zizareen lan moldea ezagutzeak, laborantza teknikek zaindu baitezakete xomorroen lana edo, alderantziz, teknika desegokiekin bioaniztasunaren kate oso garrantzizko horren lana oztopatu edo baita hil ere.