argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Erorien Monumentua
Maravillas Lambertoren izena ez erabiltzeko eskatu dute fusilatuen senideek
  • Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena jarrita biktimen "berbiktimizatze" bat egingo dela. Gainera, akordioa fusilatuen senideen iritzia kontuan hartu gabe egin dela salatu du.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko azaroaren 21
Erorien Monumentua gaur egun.

NAFSE, Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkartea Iruñeko Erorien Monumentuari beste adiera bat emango dio akordioaren kontra azaldu da guztiz. Elkarteak uste du eraikina eraitsi egin beharko litzatekeela, eta gogor kritikatu du Iruñeko Udalak espazio horretan oroimen demokratikoarako interpretazio zentro bat jartzeko asmoa.

Fusilatuen esanetan, badaude "beste aukera eta toki batzuk pedagogia egiteko". Amaia Lerga NAFSEren presidenteak Diario de Noticias egunkariari azaldu dionez oroimenerako tokiak "adierazgarriak" izan behar dira biktimentzako, eta Erorien Monumentua "kontrakoa" da. Esaterako, gogorarazi du urteak daramatzatela Sartagudan interpretazio zentro bat eraiki dadila eskatzen.

Gainera, Maravillas Lambertoren izena ez erabiltzea ere eskatu du NAFSEk. Geroa Baik, EH Bilduk eta PSNk egindako akordioak jasotzen duenez, eraikinean sortuko den faxismoaren aurkako eta Oroimen Demokratikoaren aldeko intepretazioa zentroak izen hori eramango luke.

Elkarteak azaldu duenez, Maravillas Lambertoren ahizpa Josefina Lamberto Erorien Monumentua eraistearen alde zegoen, eta biktimak "berriz biktima" bihurtzen dituzte halako erabakiek, are gehiago eraikinaren kupula eta margo frankistak "oihal batekin" estali baina mantendu egingo direla jakinik.

NAFSEk erabakia hartzeko modua ere kritikatu du. Azaldu duenez ez zaie inongo momentutan akordioaren berri eman publiko egin aurretik, eta "inposatutako" proposamen gisa hartu du

NAFSEk erabakia hartzeko modua ere kritikatu du. Azaldu duenez ez zaie inongo momentutan akordioaren berri eman publiko egin aurretik, eta "inposatutako" proposamen gisa hartu du. Zentzu horretan, Iruñeko Udalarekin haserre azaldu da, biktimen senitarteekiko "kontu" handirik gabe eraman duelako gaia.

Museoaren aldekoak ere, kontra

Erorien Monumentua bere horretan utzi eta bertan "Hiriaren Museoa" egitearen aldeko plataformak ere ez du begi onez ikusi akordioa. Plataforma horrek eraikinaren "osotasuna" errespeta dadila nahi du, "monumentu ondare" delako bere ustetan.

Diario de Navarra-ri Javier Zubiaur plataformako koordinatzaileak azaldu dionez, "iraganeko egoera tentsoek irauteko" baino ez du balio hiru alderdiek egindako adieraberritze akordioak: "Uste dugu gaindituta egon behar dutela, Espainian egon zen gatazka zibiletik 80 urte pasa baitira", azaldu du.

Zentzu horretan, esan du eraikinari egin beharreko edozein aldaketak Principe de Viana erakundearen eta Madrilgo Arte Ederretako Errege Akademiaren oniritzia behar lukeela, dituen "zalantzarik gabeko balio artistikoengatik".