Espazio askeen defentsan jabego pribatuen aurka manifestatu dira. Errepidea itxi dute. Bestalde, ostegunean bizikleta martxa bat egingo dute eta larunbatean manifestazioa.
Asteazken arratsaldeko 16:00ak aldera, Iruñeko Maravillas gaztetxearen defentsan, Arga ibaia gurutzatzen duen Aranzadi zubia itxi dute “Ez da gaztetxe bat. Mundua ulertzeko modu bat baizik” zioen pankarta batekin. Bi lagun zintzilikatu dira zubitik, gaztetxe eta espazio okupatuen alde aldarri eginez. Ikuspegi feministatik egin dute irakurketa Maravillas gaztetxeko kideek: “Feminismo antikapitalista eta autonomoa aldarrikatu nahi dugu, jabego pribatuaren aurka eta espazio askeen alde. (…) Gaurko honetan gure gorputza jartzen dugu gaztetxeen defentsan, hauen parte izan baikara beti eta hauek izan baitira beti gure askegune”.
Ekintza publiko egin denean, Espainiako Polizia bertaratu eta Aranzadi zubia itxi du. Hiru bat orduz egon da itxia. Zintzilikatutako bi lagunak 19:00ak alderako atera dituzte. Ez dituzte atxilotu.
Gaztetxearen aldeko ekintza Iruñeko Aranzadiko zubian. Bi ekintzaile zubitik zintzilikatu dira eta errepidea moztu dute pankarta batekin!#maravillasherriarentzat #maravillasaurrera #feministokeregaztetxeenalde pic.twitter.com/TMq6iPnTzY
— Maravillas Gaztetxea (@maravillasGTX) January 16, 2019
Bizikleta martxa
Maravillas gaztetxeko kideek bizikleta martxa bat antolatu dute ostegunerako, gaztetxearen defentsan hirian barrena mobilizatzeko. Nabarrerian bilduko dira arratsaldeko 18:00etan, eta polizia indarrek gaztetxearekin izandako jokaera gaitzesten duen edonori gonbitea luzatu diote.
Larunbatean manifestazioa
Urtarrilaren 19an gaztetxearen aldeko manifestazioa egingo dute Iruñean. Arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Udaletxe plazatik. Euskal Herri osoko gazteei joateko dei egin die.
Ahotsa.info-k egindako laburpena: