argia.eus
INPRIMATU
Maravillas gaztetxearen auzia berriz irekitzeak ekar dezakeen arriskuaz ohartarazi dute
  • Auzia berriz irekitzeko aukera dagoela adierazi dute gaztetxeko kideek eta horrek, “desalojo arrisku larria” dakarrela.

Topatu.eus @topatu_eus 2018ko urriaren 10
Argazkia: Topatu.eus.

Abuztuko desalojoari aurre egin ostean, Maravillas gaztetxearen aurka zegoen auzi judiziala bertan behera geratu zen. Asteazken honetan, ordea, errekurtsoaren ebazpena emango da eta horrek auzia berriz irekitzea ekar lezake. Hori gertatuz gero, gaztetxeko kideek Maravilas “berriz desalojo arrisku larrian” egongo litzatekeela ohartarazi dute.

Nafarroako Gobernuaren eta Geroa Bai-ren jarrerak kritikatu dituzte: “Errekurtsoaren bidez, proiektu autogestionatuen kontrako jazarpen kanpaina mantentzen dute. Argi dago ez dituztela Herri Mugimenduaren parte diren proiektu autogestionatuak gustuko”. Horren adibide gisa aipatu dituzte, momentu hauetan Arrotxapeako eta Lizarrako gaztetxeen aurka dauden epaiketak.

Maravillaseko kideek azpimarratu dute, ez dela eztabaidarako aukerarik egon, abuztutik hona, ez baitute gobernuaren partetik “inolako kontakturik” jaso: “Ez diote gatazka honi irtenbiderik eman eta, gainera, auzoko bizilagunek eta eragile ezberdinek egindako negoziazio eskaintzari uko egin diote, haien immobilismoaren adierazle dena”.

Gaztetxeko kideek Geroa Bai Nafarroan indartzen ari den gune autogestionatuen aldeko mugimendua zapaltzen ari dela salatzen dute, baina horren aurrean, Maravillasetik gaztetxeak eraldaketa sozial, kultural eta politikorako espazio ezinbestekoak direla defendatzen jarraituko dute: “Gaztetxeak etorkizun berria eraikitzen jarraituko dugu, gure ametsak bahitu nahi badituzten arren”.

Albiste hau Topatu.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.