Epaileak kasua artxibatzearen arrazoia esplikatu du asteartean publiko egin duen idatzi baten bidez. Isunak iritsi daitezke auziarekin lotuta, baina ez dirudi atxiloketarik izango denik.
Maravillas auziko epaileak idatzi bat argitaratu du auzia artxibatzearen arrazoiak esplikatuz. Kautelazko huste baten ostean artxibatu zuen epaileak auzia. Izan ere, huste horrek ordu batzuk besterik ez zituen iraun eta gainera, gogor kritikatua izan zen.
Argitaratutako agirian, epaileak dio Nafarroako Gobernuak eskatu ziola eraikina husteko agindua bertan behera uzteko. Gobernuak argudiatu zuen eraikin horretan egin asmo zuen proiektua aurreratu zuela, baita ordena publikoa eta herritarren segurtasuna kaltetu zitzakeela gaztetxearen okupazioak. Ondoren eraikinaren hustea bertan behera uzteko eskatu duenez, epaileak ulertu du Nafarroako Gobernuek okupazioa onartzen dutela.
Epaileak dio “eraikin publikoen mantenua eta bere erabilerak ekar ditzakeen arazoak” ez direla zuzenbide penalaren bidez konpondu behar, bide zibiletik baizik. Zuzenbide zibiletik konpontzeak Mozal Legea aplikatzea ekar dezake ordea, Gara-k iturri juridikoak kontsultatu ondoren argitaratu duenez.