Gure egiten dugu proiektuaren defentsaren aldeko aldarria!
Azken urteetan Nafarroan sortutako paradigma politiko berriarekin batera, hamaika proiektu eta tresna sustatu eta garatu ditu gazte mugimenduak. Ustelen erregimenari aurre egin eta poltronatik kanporatu ostean, forma eta irudi ezberdinetako proiektu alternatiboen bidez, kontraboterearen eraikuntzan aritu gara Nafarroako gazte mugimenduok burubelarri. Hau honela, autoantolakuntza eta autogestioa oinarri, honetarako tresna diren hainbat gaztetxe eta bestelako espazio autogestionatu jaio dira gurean.
Ezaugarri eta baldintza ezberdinekin, hamaika garaipen txiki gisa ulertzen ditugu proiektuok. Tokian tokiko errealitatean eragin eta berau eraldatzeko ekinbide bakoitza urrats bat da burujabetzara bidean. Berebizikoa da, gaztetxe eta bestelako espazio autogestionatuetatik sistema kapitalista heteropatriarkal espainiarrak eragindako zapalkuntzen hegemoniari aurre egin eta Nazio Eraikuntzari (eta bere fase garatuenean, estatugintzari) ekarpena egingo dion kontraboterea artikulatzea. Gazte Boterearen eraikuntzan salto kualitatibo bat eman ahal izateko, abstrakzioetan oinarritutako aldarrikapen orokorrak gainditu eta boterea lehiatuko duten proposamen eta planteamendu zehatzak garatzea dagokigu, hauek artikulatzeko espazioak sustatzearekin batera. Herritik herriarentzat, gazteongandik eta gazteontzat, itotzen gaituen sistemari arrakala berriak eragin eta gazteon elkartrukerako (elkar ikasi, eraiki, maitatu eta borrokatu) botere guneak sortu.
Norabide honetan, azken aldian Nafarroan jaiotako proiektu eta egitasmo berriak ospatzearekin batera, ezin dugu ahaztu berehalako desalojo arriskuan aurkitzen den Iruñeko Alde Zaharreko Maravillas gaztetxea. Alde Zaharra bezalako auzo batean horrelako proiektu batek suposatzen duen arnasgunea eta honen biziraupenak daukan balioaz jabeturik, elkartasunean eta elkarrekiko laguntzan oinarrituta, gure egiten dugu proiektuaren defentsaren aldeko aldarria. Maravillas aurrera!
Honenbestez, Nafarroan herri sektoreen mesedetan espazio hauen garapena eta existentziak berak daukan potentzial politikoa aldarrikatu eta gaztetxeen eraikuntzan eta autoeraketa komunitarioaren forma honetan murgiltzeko deia egiten diogu Nafarroako gazteriari, gu geu garelako alternatiba bakarra.
Herri bat gaztetxe bat!
Autogestioaz eta autoantolakuntzaz gazte boterea
eraiki!
Gaztetxeak aurrera!