Aldaketarako lanabesak ere direlako. Lantegiak, ikastetxeak, euskaltegiak, auzo elkarteak, herri komunikabideak eta bestelako tresna eta guneak bezala, gaztetxeek aldaketa bultzatu, eta hauek ere, egunez-egun eraikitzen dutelako.
Gure herrian auzolanaren kulturak mendeak ditu, horrela ikasi baitugu euskaldunok komunitatea babesten, ondokoa laguntzen, eta guztiona dena guztion lanaz zaintzen eta aurrera eramaten. Horrelako proiektuen erdi-erdian hori dugu, auzolana, eta holako proiektuen defentsan horrela aritu behar gara, aldaketaren aurkako eraso ororen aurrean bezala, kalera ateraz eta herri proiektu ezberdinak babestuz.
Gaztetxeak, auzo elkarteak edota gune autogestionatuak bezala, auzoei, herriei bizia ematen diete. Aldaketan sakontzeko tresnak dira. Bertan, proiektu zabal eta anitz ezberdinak eramaten dira aurrera. Herritarren topaleku dira, hauek ahaldundu eta ametsak egi bihurtzeko espazioak. Horrelako proiektuak, herritarrak antolatu eta aritzeko alternatiba lokalak dira, eraldaketa sozialerako baldintzak ereiteko eremuak. Finean, gure herriarentzako eraldaketa sozial sakona bilatzen dugunok, hori behetik gora eraiki behar dela baitakigu.
Aldaketan sakontzeko eta aurrera egiteko indar eta tentsio sortzaileen arteko dialektika ezinbesteko da. Kontraesanak izan eta hauek gaindituz aurrera jarraitzea. Gazteenetik hasita, zaharreraino, herriaren bizitzan eta antolaketa sortzaile eta eraldatzailean sinisten dugu. Aldaketa anitza eta zabala da, eta honen alde lan egiten dugun herritarrak milaka gara, bakoitza bere espazio zein proiektutik. Denak beharrezkoak, denak ezinbestekoak. Elkarlan zintzoa oinarri, guztiona den aldaketa bultzatuko dugunak.
Horregatik, ez dugu ulertzen Geroa Baik harturiko jarrera, desalojo preventiboa eskatuz. Eta Maravillasekin interlokuzioa berrabiarazteko deia egiten diogu. Desalojoa ematen bada, aldaketa da galtzailea, eta erregimena irabazlea (UPN-PSN-botere faktikoak); eta ematen ez bada, guztiok jarrai dezakegulako aldaketaren aldeko gure aletxoa ematen, guztiok gara irabazle, aldaketa da irabazle. Erregimenak bereak eta bi eginen ditu aldaketa eta honen grina kamusteko, horretan dabil eta ibiliko da; udaletxera gobernatzera bueltatzea baitu helburu.
Hortaz jarrai dezagun gaztetxeetan, kalean, institutuetan, udaletxean eta behar diren espazio guztietan aldaketa bultzatzen eta defendatzen. Geldiezina egiteko, aldaketan sakontzen jarraitzeko eta Iruñea berri eta aske bat eraikitzeko.
Lan mardula dugu oraindik ere aurretik, eta bidea ez da erraza izango. Akatsak egingo ditugu bai, kontraesanak eduki ere bai, baina hauetaz ikasi eta aurrera eginen dugu, erori eta jaiki, erori eta jaiki!
Pepe Mujikaren hitzak ekarriko ditugu gogora amaitzeko: “Ezinezkoa, lan apur bat gehiago eskatzen digun hura da”. Gora gaztetxe eta gune autogestionatuak! Gora aldaketa! Gora Herria!