argia.eus
INPRIMATU
Mapa Galduak jaialdia antolatu du astebururako Saran Usopop elkarteak
  • Hamar urtez Lizarrietan musika jaialdia antolatu eta gero, Usopop elkarteak bide berriak arakatzea erabaki du. Musika eta kartografia uztartzearen alde egin dute, eta Mapa Galduak izeneko jaialdia da emaitza. Urriaren 28, 29 eta 30erako egin dute hitzordua, Saran.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 24a
2017ko Usopop jaialdia (Argazkia: erran.eus)

Usopop jaialdia azkenetara iritsia zela erabakirik, duela bi urte ekimenari amaiera ematea erabaki zuten Usopop elkarteko kideek, Lizarrietan antolatzen zuten jaialdia antolatzeari utziz. Elkartearen ibilbidea ez da hor bukatu ordea, eta bi urteren ondotik, bide berriei ekitea erabaki dute. Musika eta kartografia uztartuz, Mapa Galduak jaialdia antolatu dute. Urriaren 28tik 30era bitarte gauzatuko da, Saran, herriko plazan eta Lur Berri aretoan.

Hartutako bide berrian ere musika gailentzen da. Urriaren 28an Zetkin eta Kurtney Barnetx-en zuzenekoez gozatu ahal izango du bertaratzen denak. Urriaren 29an, aldiz, Mursego, Just Mustard, Vulk eta Lukiek arituko dira oholtza gainean. Eta urriaren 30ean Tarta Relena eta Herman Dune-ren txanda izango da.

Alabaina, musikaz harago doa Mapa Galduak jaialdiaren egitaraua. Urriaren 29an Zeharkako bideak ibilaldia egingo da herrian barrena. "Sorpresa eta hurbiltasuna oinarri dituen hitzordu honek zuzeneko esperientzia hankaz gora ezartzen du", ohartarazi dute antolatzaileek. Azaldu dutenaren arabera, "Usopop abentura aberastera" datorren "ibilaldi alternatiboa" da proposamena. Ibilaldiak lau gune barmenbiltzen ditu, eta horietako bakoitzean artista bat egongo da. Parte hartzaile kopurua mugatua izango da, eta baldintza bezala, ibilaldia egiteko hiru eguneko pasea beharko da.

Berritasunen artean dago Mugarri 25 sorkuntza berezia ere. "Etxeko zigiluko" eta jatorri ezberdinetako zenbait artistek astebeteko egonaldia egingo dute Larrun mendian, urriaren 30ean Lur Berrin aurkeztuko dute emanaldia sortzeko xedez. Nahia Zubeldia, Aitor Etxebarria, Rüdiger, Vincent Bestaven, Orbel, Paxkal Irigoyen, Peio I. Erramouspe, Gartxot Unsain eta Jonas Bonetta artistak izango dira parte hartzaileak.

Interesa duenak, sarrerak salgai ditu web-orri honetan.