argia.eus
INPRIMATU
Sexu-abusuak egin zituen Manuel Estomba apaizaren izena darama Irungo parke batek
  • Testigantzen eta Bilboko Goitzategiaren arabera Derioko seminarioan sexu-gehiegikeriak egin zituen apaizak parke bat dauka bere jaioterrian, Irunen. Manuel Estombak hainbat liburu argitaratu zituen euskaraz eta misiolari ibili zen Hego Amerikan.

ARGIA @argia 2019ko martxoaren 14a
Irunen parke batek Manuel Estombaren izena darama eta Ekuadorreko Machala hirian kale bat dago izen berarekin.

Irun erdialdean, haurrentzako ikastetxe erlijioso baten ondoan, Jose Manuel Estomba parkea dago. Jadanik hilda dagoen apaizak, sexu-gehiegikeriak egin zituen Derioko seminarioan zuzendari espiritual zela. Bere ikasleei bulegoan zakila aterarazi eta ukituak egiten zizkien. ARGIAk, lekuko zuzen baten bidez azaleratu du bere izena eta Bilboko Gotzaindegiak onartu egin du hala dela.

Gotzaindegiak bazuen abusu horien berri, baina hedabide honek kasua argitara eman arte isilik egon da. 2011ko liburu batean agertu ziren lehen testigantzak –erreportajean ere halaxe azaldu genuen–, baina abusatzailearen izenik gabe. Elizbarrutiko agintariek barne ikerketa abiatu zuten 2017an eta Derioko seminarioko ikasleei “ukituak” egiten zizkieten hiru apaiz identifikatu zituen, guztiak hilda daude, “horietako bat da albistean aipatzen dena”, aitortzen du Gotzaindegiak orain kaleratutako oharrean.

Manuel Estomba Irunen jaio zen 1916an eta teologia ikasketak egin ondoren Arteaga, Derio eta Bergarako apaiztegietan ibili zen irakasle. Hainbat liburu idatzi zituen euskaraz, tartean Izartxo eleberria (1949). Euskal literatur aldizkarietan ere maiz kolaboratu zuen. Ekuadorren misiolari aritu zen El Oro eskualdean, eta hain zuzen, hango hiri nagusiena den Machalan (245.000 bizt.) kale batek ere bere izena darama: Manuel Estomba.

“Derion gehiegikeriak egin bazituen, Venezuelan edo Ekuadorren gauza bera egin zezakeen”, dio bere eskutatik igaro zen Juan Mari Arregi seminarista ohi eta ARGIAren kolaboratzaileak. Estombak “sexu higienea” erabiltzen zuen aitzakia gisa nerabeez abusatzeko. Kasua argitaratu denetik bere gehiegikeriak jasan zituen biktima gehiago jarri da harremanetan ARGIArekin; bere kargu gutxienez berrehun ikasle izan zituela uste da.