argia.eus
INPRIMATU
Manuel Azcona 1936an hildako diputatu errepublikanoaren gorpuzkiak eman dizkiote familiari
  • Larunbatean aldundian egindako ekitaldian Azconaren biloba María Jesús Fuertesek jaso ditu gorpuzkiak, bere seme-alabekin batera. Ekitaldian gogorarazi dute 1936-1945 urteen artean 376 pertsona exekutatu zituztela, horietatik 299 epaiketarik gabe.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko uztailaren 15a
Manuel Azconaren gorpuzkiak jaso ditu María Jesús Fuertesek, Gasteizen egindako ekitaldian. Argazkia: Irekia Eusko Jaurlaritza

1936an Arabako Probintzia Batzordeko diputatu izan zen Manuel Azconaren gorpuzkiak eman dizkiote familiari Gasteizen. 1891. urtean jaio zen Azcona Alesbesen (Nafarroa) eta Amurrioko diputatu hautatu zuten, baina altxamendu militarraren ondoren atxilotu, desagertu, fusilatu eta hobi komun batera bota zuten, Irekiak informatu duenez. Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean egindako ekitaldia Justizia eta Giza Eskubideetako sailburu María Jesús San Josék eta Arabako Foru Aldundiko ahaldun nagusi Ramiro Gonzálezek zuzendu dute. San Josék egun “oso berezia” dela adierazi du, “justiziaren eta memoriaren arteko batasuna” eta memoria historikoa eraikitzeko bidean “beste urrats bat” eman den eguna. Sailburuak gogorarazi du milaka pertsona izan zirela atxilotuak, torturatuak eta fusilatuak, eta 1936-1945 urteen artean, 376 pertsona exekutatu zituztela, horietatik 299 epaiketarik gabe.

Azconaren biloba María Jesús Fuertesek jaso ditu senitartekoaren gorpuzkiak, bere seme-alabekin batera. Familiak Azconaren berreskuratze eta identifikazio-lanak jaso dituen txostena jaso du eta “Duintasuna” eskulturaren miniaturazko erreplika bat –Iñigo Arregiren eskultura eta Elgoibarko eta Urduñako Kolunbarioen ikurra–. San Josék Modesto Manuel Azcona Goicoecheaz gain, San Josék gogoan izan ditu ditu Casto Guzmán Castro, Teodoro Olarte Aizpuru, Ricardo Ibáñez Hidalgo eta Benedicto Luna López, “Iruñera eraman” behar zituztenak, eta egun berean Miranda de Ebroko Bayas herriko errepide baten ondoan hilda agertu zirenak. Erailak herri horretako hilerrian ehorztea agindu zuen alkateak.

Manuel Azcona Felisa Errigiblerekin ezkonduta zegoen, eta bi seme-alaba zituzten. Amurrioko maistra zen fusilatuaren emaztea, baina altxamendu militarraren ondoren, kargugabetu egin zuten eta bi seme-alabekin Ingalaterrara erbesteratu behar izan zuen.

Prozesu luzea eta zaila

1936ko gerra amaitu ondoren, Miranda de Ebron hilda agertu ziren bost pertsonetatik Olarteren familiak bakarrik lortu zuen gorpuzkiak Bayasko hilerritik ateratzea, eta Gasteizko Santa Isabel hilerrian lurperatu zuten. Gainerako familiek ez zekiten zer gertatu zitzaien haien senitartekoei, Irekiak jaso duenez.

2019. urtean, Miranda de Ebroko Udalaren bultzadarekin, Aranzadi Zientzia Elkarteak gorpuzkiak lurpetik ateratzea lortu zuen arren, alderatutako DNA laginek ez zuten emaitza positiboa eman. Baina Gogorak familiari beste DNA laginak eskatu ondoren, Azconaren gorpuzkiak identifikatu ahal izan zituzten. Gogorak gainerako biktimak genetikoki identifikatzeko eta gorpuzkiak familiei emateko lanean jarraitzen duela adierazi dute.

Batasunerako eta errespeturako deia

San José sailburuak, “Arabako gizartea defendatzeagatik eta ordezkatzeagatik” hil zuten diputatuaren ekitaldian, “elkarbizitza” eta “errespetua” aintzat hartzen dituen gizartea izatearen garrantzia azpimarratu du. “Kredoa, bakoitzak adierazten duen hizkuntza, pertsona bakoitzak defendatzen dituen ideiak, arraza, sexua edo generoa kontuan hartzen ez dituen herritartasuna” izatea eskatu du sailburuak.

Egungo munduaz duen ikuspuntua azaldu du San Josék, eta Azconak egindako lana goraipatu du: "Gorrotoaren itzala, bazterketa, xenofobia gure kontinentean barrena dabilela, gerra Europako ateetara itzultzen ari den honetan, gaur egun inoiz baino gehiago, Manuel Azconak bere bizitzarekin defendatu zituen errepublikanismo zibikoaren balioak aldarrikatu nahi nituzke".