Donostiako Piratek jai herrikoien aldeko eguna antolatuko dute uztailaren 9an. Jaiaren barruan Manu Chao musikari ezagunak Zurriolan kontzertua eskainiko du. Aste Nagusitik kanpo izango da, Piraten webgunean jarritako ohar baten bidez jakinarazi dutenez. Beren baloreak lantzeko baliatuko duten egun osoko egitaraua prestatuko dute, dena doan eta “ekimen solidario” bat ere aurreratu dute.
#EdozerDuguPosible izango da egunaren leloa eta jai herrikoien ereduari babesa adierazteko antolatu dute. “Halako dimentsioa duen kontzertua gure ereduarekin antola daitekeela erakutsiko dugu”. Uztailaren amaieran Heineken Jazzaldia egin ohi den leku berean entzungo dira Parisen jaiotako musikariaren doinu mestizoak.
Helburua ez da ekonomikoa izango: “dirua beharrean, erdigunean pertsonak jarriko dituen bizi eredua aldarrikatzen dugu”.
Jaiak, baloreak transmititzeko
2003an sortu zuten Donostiako Piratak kolektiboa, hirian jai herrikoiak sustatzeko. Kontxa hondartzaren lehen Abordatzea egin zutenetik hamaika urte igaro dira honezkero eta tarte horretan milaka lagunek parte hartu dute Piratek antolatutako ekimenetan
Jaiak eraldaketa sozialerako tresna gisa ulertzen dituztela diote, eta Abordatu Dono$tia leloa erabili izan dute hasieratik, partaidetza, parekidetasuna, euskalduntasuna, auzolana, autogestioa eta irudimena bezalako baloreak sustatuz.
“Aste Nagusia aldatzen ari gara, eta jaietan saiatzen ditugun baloreak eguneroko bizitzan baliagarri direla sinesten dugunez, Donostia bera eta hiria bizitzeko modua ere aldatzeko ari gara lanean”.