argia.eus
INPRIMATU
Manu Ayerdi kontseilariaren kontra auzi penala ireki du Gorenak, Davalor enpresari emandako maileguengatik
  • Prebarikazioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egozten dio Espainiako Auzitegi Gorenak orduan Nafarroako lehendakariorde eta Garapen Ekonomikoko kontseilari zenari. UPNk jarritako kereila onartu du epaileak, 2015ean Sodena sozietate publikoaren bidez Davalor enpresari emandako maileguan irregulartasunak ikusita.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 14a
Manu Ayerdi artxibo irudi batean (arg.: EiTB)

Manu Ayerdi Nafarroako kontseilariaren kontra auzia zabaldu du Espainiako Auzitegi Gorenak, aurreko legealdian Davalor Salud SL enpresa 2,6 milioi eurorekin laguntzeagatik, Sodena Arrisku kapitaleko sozietate publikoaren bidez.

2015etik 2017ra bitartean sei mailegu eman zizkion Nafarroako Gobernuak Davalorri, kiebra jotzeko arriskuan zela, Manu Ayerdi lehendakariordeeta Garapen Ekonomikoko kontseilari zenean –egun ere kontseilari kargu bera du–. Honen arabera, ekoizpen industrialera loturiko Arangurengo enpresak "izaera forala" zuen eta "estrategikoa" zen; baina hortik denbora batera hartzekodunen konkurtsoan sartu eta 2018ko urrian likidatzeko prozesuan jarri zuten.

Kasua Nafarroako Parlamentuan sorturiko batzorde batek ikertu zuen, eta 2020ko ekainaren 2an UPN alderdiak kereila jarri zuen Ayerdiren kontra prebarikazioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita. Espainiako Auzitegi Gorenak haintzat hartu du salaketa eta kontseilariaren kontra auzi penala irekitzea erabaki du; Andrés Palomo del Arco izango da instruktorea.

UPNren kereilak dio barne prozedimenduak errespetatu gabe eman zizkiola Sodenak 2015eko irailean 1.000.000 euro Davalorri, eta Ayerdi zela sozietate publikoko administrazio kontseiluko presidente erabaki hori hartu zenean. Irregulartasun gehiago ere leudeke tartean, enpresak ustez ez baitzituen Gizarte Segurantzarekin zorrak eguneratuta mailegua eman zitzaionean.

Javier Esparza Navarra Sumako bozeramaileak Ayerdi kargugabetzeko eskatu dio Maria Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakariari.