argia.eus
INPRIMATU
Manu Ayerdi kontseilari nafarrak dimisioa aurkeztu du, Davalor auziak behartuta
  • Garapen Ekonomikorako Kontseilaria izan da Nafarroako Gobernuan eta UPNk Davalor auzia dela eta bere aurka jarritako keraila baten harira eman behar izan du dimisioa.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko urtarrilaren 29a
Ayerdi dimisioa iragartzen. (Argazkia: Nafarroako Gobernua)

Iragan ekainean UPNk salatu zuen Davalor enpresaren auzian Manu Ayerdik prebarikazioa egin zuela eta dirua bide gabe erabili zuela, Sodena Nafarroako garapenerako elkarte publikoak enpresa hari 2,6 milioi euroko diru kopurua eman ziolako hainbat mailegutan. Davalorrek porrot egin zuen ondoren, eta UPNk salatzen du maileguak eman zirela porro egingo zuela jakinda, enpresaren egoera txarra zelako. Maileguok 2015-2017 artean eman ziren Uxue Barkosen gobernuaren garaian, eta hainbat prozeduraren gainetik jauzi egin izana leporatzen diote Ayerdiri.

Orduan, Ayerdik jakinarazi zuen UPNk bere erasoen jomugan jarri zuela, baina guztiz lasai zegoela salaketaren aurrean eta auzitegiek keraila onartzen bazuten dimisioa emango zuela. Abenduaren erdialdera Espainiako Auzitegi Gorenak auzi penala ireki zuen UPNren salaketa aintzat hartuz. Alabaina, ez dago argi horrek esan nahi duen Ayerdi inputatua dagoen eta Nafarroako Gobernuak hori argitu dezala eskatu dio Gorenari.

Edozein kasutan, auzia indarra hartzen ari zen eta Gorenak ezer esan aurretik Ayerdik dimisioa ematea erabaki du, berak esandakoaren arabera, “egoera hau ez delako ona Nafarroak halako une korapilatsu batean behar duen egonkortasunerako”. Nafarroako foru legediaren arabera, edozein kargu publikok postua utzi beharko du auzitegi batek bere aurkako ikerketa irekitzen badu. Uxue Barkosen legealdian egin zen aldaketa hori. Bideo honetan ikus daiteke dimisioa iragartzeko eman duen prentsaurrekoa. Mikel Irujo orain arte Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusia izandakoak ordezkatuko du Ayerdi.

Ayerdi, EAJko buruzagi ere bai

Geroa Baik Foru Gobernuan dituen lau kontseilarietatik EAJko bakarra da Ayerdi, eta itzal handia du Nafarroako jeltzaleen artean. Kontseilari izan aurretik EAJko Napar Buru Batzarreko lehendakaria izan zen. Enpresa gizona da eta Uxue Barkosen gobernuan ere ekonomia eta enpresa munduari lotutako ardurak izan zituen. UPNren kritika politikoaz gain, Nafarroako enpresarien artean konfiantza izan duen pertsona da.