argia.eus
INPRIMATU
Manu Ayerdi ikertzeko diligentziak ireki ditu Espainiako Auzitegi Gorenak
  • Manu Ayerdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilaria ikertzen hasi da Andres Palomo del Arco Espainiako Auzitegi Goreneko instrukzio epailea, Davalor auzian prebarikazioa egin eta dirua bide gabe erabili zuelakoan.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 21
Manu Ayerdi (arg.: Nafarroako Gobernua)

Auzibidea hasi aurreko diligentziak irekitzea eskatu du Goreneko magistratuak; joan den abenduaren 14an auzitegi horretako bigarren aretoak Ayerdiren kontrako auzi penalari ekitea erabaki ondoren, hura ikertzeko lehen pausoa litzateke. Davalor enpresari Sodena sozietate publikoaren bidez modu irregularrean 2,6 milioi euro eman zizkiola uste da.

UPN alderdiak ekainean jarritako kereila bati erantzun zion Gorenak abenduan, eta orain Andres Palomo del Arco epaileak diligentziak ireki ditu, baita autoa "ikertuari" igortzeko eskatu ere. Horrek "ikertua" izateko baldintzapean jar dezake kontseilaria eta bere karguarekin ez da bateragarria egoera hori. Ayerdik hainbat aldiz eman behar izan ditu azalpenak publikoki kasuaren inguruan, eta epaitegiek ikertua izaten bada, dimisioa emango duela ere adierazi zion Maria Txibite Nafarroako lehendakariari.

Nolanahi ere, Naiz.eus-ek "iturri judizialak" aipatuz azaldu du gaur publiko egindako autoak ez duela esan nahi "formallki" Ayerdi ikertua dagoenik, horretarako Gorenak beste auto bat eman beharko luke, espreski "ikertua" dela zehaztuz. Aurretiazko diligentzia hauek, gainera, artxibatu egin ditzake epaileak.