argia.eus
INPRIMATU
Maniobra militar gehiago eta benetako munizioa, Bardean
  • Espainiako armadaren Harrier hegazkinek maniobrak egiteko baimena eskatu dute, baita, benetako munizioa erabiltzeko ere. Otsailaren 7,8 eta 9an eginen dituzte. Tiro Poligonoaren Aurkako Plataformak elkarretaratzea eginen du ekintza horiek salatu eta poligonoa deusezteko. 

Euskalerria irratia @fm983irratia 2018ko urtarrilaren 30

Bardeara begira jarrita, berriz ere Tiro Poligonoaren Aurkako Plataformak salatu du maniobra militar berriak izanen direla otsailean. Espainiako Armadako Harrier hegazkinentzako eskatu dute Bardeako tiro poligonoaren erabilera, eta iragarri dutena da ariketa horiek otsailaren 7, 8 eta 9an eginen dituztela.

Benetako munizioa, benetako bonbekin ariko dira, goizez eta arratsaldez. Ordu betez 10etatik 11ak arte eta beste ordu betez ordu batetatik ordu bietara. Egun guztietarako ordu horietan eskatu dute baimena.

Hori horrela, Bardeako Komunitateak Poligonoaren inguruko errepideak mozteko baimena eskatu du; Carcastilloko sarrerako bidea, kuartelaren inguruko bidea eta Kruzeta izeneko bidea mozteko eskatu dute.

Tiro Poligonoaren Aurkako Plataformak elkarretaratzea eginen du otsailaren 7an maniobra militar horiek salatu eta poligonoa deuseztatzeko eskatzeko. 

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta