Yasnaya Elena Aguilar Gil-ek Ää: manifiestos sobre la diversidad lingüística liburuaren edizio berria aurkeztu du berriki Euskal Herrian eta ekitaldian eman zuen hitzaldi mamitsutik bortz titular ekarri nahi dizkizuet, zuengan ere piztu dadin liburua irakurtzeko grina.
Lehenik eta behin, markoa argi utzi zuen: Mexikon hamabi hizkuntza familia daude, horien artean hamaika hizkuntza familia dira bertakoak eta bakarra indoeuroparra; hala eta guztiz ere, familia indoeuroparreko hizkuntzetako bat da hegemonikoa, koloniak inposatutakoa. Gero, gogora ekarri zuen Mexikoko estatua sortu zenean populazioaren %70 hizkuntza indigena bateko hiztuna zela eta, aldiz, gaur egun %6,1. Beraz, kolonialismoaz gain estatuari leporatzeko franko zuen hizkuntza zapalkuntzari dagokionez. Ekonomiari erreparatuta, erran zuen estuarentzat "aise garestiagoa dela errealitate eleaniztunaren kontra borrokatzea, integratzea baino. Galdetu bertzenaz Mexikoko Estatuari, sortu zenetik, zenbat diru inbertitu duen gaztelaniadun elebakarrak sortzeko".
Bigarren titularra: "Hiztunek giza eskubideak gorpuzten dituzten bezala, hizkuntza-eskubideak dira giza eskubideen hari eroale. Gure testuinguruan ezin da demokraziaz aritu elebakartasunetik". Nik erraten dut gurean ere hiztunengan arreta paratzea, zorionez, geroz eta ohikoagoa dela, nahiz eta maizegi gure intra-hegemoniak aitortu edo eraisteko prest ez egon. Izan ere, hizkuntza zapalkuntzaz gain bertzelako hegemonia eta indarkerien gurutzaketa edo nahasketa da hiztunok gorpuzten duguna; aldi berean, etengabe. Horri bueltaka ari ginelarik zazpi hitz bota zizkigun: "mundu justuago bat ezin da elebakarra izan".
Jarraian, etorkizuna izan zuen hizpide. Bere ustez, "hizkuntza-aniztasuna galtzen jarraitzen badugu gizakiaren mundu ikuskera geroz eta murritzagoa izango da". Hau da, munduari begiratzeko, mundua ulertzeko eta, funtsean, munduan egon eta izateko moduak galdu ahala pobreagoak izanen gara gizakiok, ikuspegi geroz eta hertsiagoa izanen dugulako. Beraz, mundua, literal zein metaforikoki, txikituko dugu.
Mixea da Yasnaya Elena Aguilar Gilen hizkuntza eta nabaria zen hizkuntzaren biziberritze lanetan gogotsu ari direla, dantzan dituztela esku eta buruak, mugak muga. Nola egiten ari diren galdetu eta oinarrizko hiru baldintza paratu zituen mahai gainean biziberritze lanerako: hizkuntzaren biziberritzea lurraldearen defentsarekin lotzea, hiztuna ez den jendearekin aliantza sendoak egitea eta komunitate-lana (estatu egituretatik kanpokoa) indartzea.
Bukatzeko, itxaropena eta borroka ezinbertzean lotu eta errainu batzuk sartuarazi zituen gelan. "Herri indigenetan baditugu egungo hainbat krisiri aurre egiteko gakoak: adibidez, gizakiak naturaren parte izatea (elikadura, osasungintza edo sinesmenei dagokienez, bertzeak bertze) edo mendebaldekoak ez diren familia-ereduei, alegia eredu kolektiboagoei, eustea".