argia.eus
INPRIMATU
Manifestaziora deitu du Tosu Betirako asanbladak azaroaren 11rako
  • Urriaren 17ko desalojoaren ostean berriz okupatu dute Getxoko Tosu landa. Metro geltokiaren aparkalekuaren proiektuaren aurka manifestazioa deitu dute azaroaren 11rako.

Andoni Mikelarena @andonimik 2017ko urriaren 24a

“Ez gaituzte erraz kanporatuko Tosutik. Landa berreskuratu dugu bertan geratzeko eta parkingaren obren hasiera geratzeko”, diote Tosu Betirako plataformako kideek kaleratu duten oharrean.

Duela astebete Ertzaintzak Tosu landa okupatua hustu zuen. Desalojoari erantzuteko larunbatean manifestazioa egin zuten Algortatik abiatuta eta berriz ere landa okupatu zuten. Ordutik erresistentzian jarraitzen dute ekintzaileek.

Plataformak ohartarazi du “jendea egotea oso garrantzitsua” dela. Erresistentziak irauten duen egun bakoitzeko “Florentino Perezen enpresak dirua galtzen” ari direlako. Proiektuari ezeko argi bat eman nahi diote plataformako kideek. Horregatik Getxo eta Uribe Kostako herritarrei dei egin diete azaroaren 11n 12:30ean Algortako Telletxe kalean hasiko den manifestazioan parte hartzera.