Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dituzte manifestazioak. Israelek Palestinan egin duen eta aurrera daraman genozidioarekin kolaboratzen duten enpresei laguntza publikoa emateri uzteko eskatu diete Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.
Palestinako Lurraren Egunarekin batera igandean, Israeli Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak kanpainak manifestazioak egin ditu Bilbo, Iruñea, Gasteiz eta Donostian. Euskal Herrian jarduten duten enpresek entitate sionistarekin duten harremana salatzea helburu badute ere, CAFek duen harremanean zentratu dira bereziki: "CAF euskal enpresak Palestinako okupazio eta genozidio sionistarekin du lankidetza, apartheid trenaren proiektuaren bidez".
CAF nazioarteko zuzenbidea urratuz eta bertako langileen eta euskal iritzi publikoaren borondatearen aurka aritu dela salatu dute. BDZren aburuz, CAFek Palestinako "lur lapurtua" Jerusalemekin lotzen duen tranbia eraikitzea du helburu, eta bost urte daramatza nahi horiek betetzen.
Gogoratu dute Nazioarteko Justizia Auzitegiak ebatzitakoaren arabera, lurralde palestinarraren legez kanpoko okupazioari eusten laguntzen duten merkataritza-harremanak eragozteko betebeharra dutela NBEko estatukidetako gobernuek. Ondorioz, Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak CAFekin duten konplizitatea salatu dute, Lakuak enpresaren akzioen %3 baitu bere kontrolpean eta Nafarroakoak urte batzuk daramatza taldeko enpresei dirulaguntzak ematen. Beraz, legea betetzeko eta harremanak eteteko exijitu du BDZk.