Iragan astean kanporatu zuten Senegalera Modou Khadim Sow, Ribaforadako bizilaguna, Udalaren eta alkatearen laguntzari esker. Larunbaterako deitu du manifestazioa Erriberako Senegaldarren elkarteak, arratsaldeko zazpietarako.
Modou Khadim Sowk udaletxean agertzeko hitzordua jaso zuen eskutitzez. Alkatearekin batera, Espainiako polizia zuen han zain. Khadim egoera administratibo irregularrean zegoen. Poliziak atxilo eraman eta 48 ordutan Senegalera kanporatua izan zen.
Arrazakeriaren aurkako hainbat mugimenduk eta migratzaileen zenbait elkartek gogor kritikatu dute gertatutakoa. Espres kanporatzeak azken urteetan asko ugaldu direla salatu dute, datu argigarri bat emanez: kanporatze gehiago ematen dira modu horretan, Atzerritarren Zentro Itxietatik (CIE) baino. Espres kanporatzeen bermerik eza nabarmendu dute, “72 ordu baino gutxiagotan eta eskuhartze juridikorik gabe” ematen baitira.
“Hitzordu-tranpak”, gero eta ohikoagoak
Elkarteen esanetan, “dezentetan” gertatu da Atzerritarrentzako Brigadak egoera administratibo irregularrean dauden herritarrak komisaldegietara deitzea, izapideren bat bete beharra argudiatuta. Bertaratzean, kanporatze agindua ireki edo exekutatzen da.
Elkarteek “Hitzordu-tranpen” logikaren barnean kokatu dute Ribaforadako Udalak Khadimekin egindakoa ere. Prozeduraren legezkotasuna jarri dute auzian: “Uste dugu prebarikazioa izan daitekeela. Bere konpetentzia eta funtzioetatik harago joan da Udala”. Arrazakeria instituzionala praktikatzea leporatu diote alkateari, herritarren zati bati beldur eta babesgabetasun mezua helarazi diela azpimarratuz.
Manifestazioa maiatzaren 18rako deitu du Erriberako Senegaldarren Elkarteak. Arratsaldeko 19etan abiatuko da Ribaforadako kiroldegi zaharretik.