argia.eus
INPRIMATU
Manifestazioa ontzat eman eta Bake Plana jarri du ipar gisa Jaurlaritzak
  • Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak balorazio positiboa egin du “Giza eskubideak, konponbidea, bakea” manifestazioaz. Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordearen ostean egin ditu adierazpenak.

ARGIA @argia 2014ko urtarrilaren 14a
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea (argazkia: EITB.com).

Larunbateko mobilizazioa positibotzat jo du Jaurlaritzak. Egin ahal izatea eta giza eskubideen, akordioaren eta bakearen izenean egin izana nabarmendu ditu Erkorekak. “Mobilizazioa hain jendetsua izan zen Euskal gizartearen gehiengo zabalak eragotzi nahi duelako bakea erdiesteko daukagun aukera zapuztea”.

Atzo EAJko presidente Andoni Ortuzarrek egindako adierazpenen ildotik, ETAk desarmatzea eta Espainiako Estatuaren aldetik “politika berri bat” abiatzea eskatu ditu Jaurlaritzak.

EPPK-ko bitartekarien aurkako operazioaz galdetuta, Erkorekak gaitzetsi du terrorismoaren kontrako estrategian baketsuak diren praktikak ere sartzea, “dena ETA da” doktrinari erreferentzia eginez. “Horrek onartzeko zailak diren egoerak sortzen ditu”, gaineratu du.

“Jaurlaritzak irekita izango ditu komunikaizo-bideak, Espainiako Gobernuarekin zein euskal alderdi polítiko guztiekin partekatzeko”. Momentuz Jaurlaritzaren bide orria Bake eta Bizikidetza Plana dela berretsi du Erkorekak.