LAB, STEE-EILAS, ELA, Sortzen eta Ikasle Abertzaleak sindikatuek Nafarroan D ereduaren aldeko manifestaziora deitu dute abenduaren 18rako, “Irakaskuntzan, kolore guztiak” lelopean. Sindikatuotako ordezkariek salatu dutenez, “UPNk, PPNk eta Nafarroako Gobernuak euskal irakaskuntzari eraso egiteko baliatu dute Guardia zibilak irakasleen gainean egindako txostena”.
Sortzeneko Garikoitz Torregrosak D ereduko langileei esplizituki erabateko babesa eman diezaien eskatu dio Hezkuntza kontseilari Jose Iribasi, eta Intereconomia eta El Mundo hedabideen kontra legalki ekin diezaion, zabaldu dituen irudiengatik eta “gezurrengatik”.
LABeko Ainara Artetxek nabarmendu du txostena ez dela “kasualitatez” agertu, UPNk “erregimenaren amaiera berehalakoa dela ikusten duelako” baizik, eta horren aurrean “euskararen gaineko mamuak harrotzera” jo du.
Zentzu horretan, aurki matrikulazio kanpaina hasiko dela eta, UPNk ingelesezko eredua inposatzera joko duela nabarmendu dute. Antolatu duten manifestazioak egoera salatzea du helburu.
Bestalde, bihar, abenduak 10, kontzentrazioa egingo dute Foru Parlamentuaren aurrean, Iribas kontseilariak agertu beharko duela aprobetxatuz, eta “txostenaren mamia argituko den” itxaropenez.