argia.eus
INPRIMATU
Causa Galiza talde independentista ‘de facto’ legez kanpo utzi izana salatu dute
  • Joan den urriaren 30ean Causa Galizako bederatzi militante atxilotu eta gero, espainiar Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak galiziar talde independentistaren aktibitatea bi urtez eteteko agindua eman zuen. Urtarrilaren 24an manifestazioa egin zuten Santiago de Compostelan neurri hori salatzeko; deitzaileek adierazi zutenez, Velascoren erabakia Causa Galiza legez kanpo uztearen parekoa da praktikan.

     

Unai Brea @unaibrea2 2016ko urtarrilaren 21
Manifestazioko irudi bat (Arg.: diarioliberdarde.org).

Hainbat arlotan diharduten 50 elkarte inguruk deituta, ehunka lagun bildu ziren manifestazioan “Eskubide zibil eta politikoak denentzat. Erakunde politikoak legez kanpo uzteari ez” leloarekin. Antolatzaileen ustez, Espainiako Estatuak jauzi kualitatiboa egin du galiziar independentismoaren aurkako borrokan. Velasco epailearen agindua behin-behineko etenaldia izan arren, haren erabakiak taldearen heriotza politiko eta zibila dakarrela nabarmendu dute.

Urrian atxilotutako Causa Galizako bederatzi kideak aske daude orain, baina epaiketaren zain. Euretako batek, Joám Peresek, atxiloaldian jasandako tratamendua salatu zuen El Progreso agerkariari eskainitako elkarrizketan. Peresen esanetan, denbora guztian inkomunikatuta egon ziren, eta poliziaren galdeketa “politikoa” izan zen. “Obsesioa zuten Causa Galizak BNGrekin egindako bileretan zertaz hitz egin genuen jakiteko”.

Bederatzi militante independentistei talde terroristako kide izatea egotzi die Auzitegi Nazionalak. Urriko atxiloketak egin zirenean, talde armatu bi goratzea leporatu ziten Causa Galizari, besteak beste: Resistencia Galega –talde hori existitzen denik frogatu ez bada ere– eta 90eko hamarkadan desagertutako Exército Guerrilheiro do Povo Galego Ceive.

Causa Galizako kideek aldarrikatu dute taldea 2007an sortu zenetik eremu politikoan egin dutela lan, publikoki eta milaka lagunen parte hartzeaz, Galiziaren independentziaren eta arlo sozioekonomikoan duen arazo larriak konpontzearen alde.