argia.eus
INPRIMATU
Larunbatean manifestazioa egingo dute Altsasun: “Trena benetako garraiobide bihurtu dadin”
  • AHTren kontrako eta trenaren aldeko eragileek deituta, manifestazioa egingo dute Altsasun apirilaren 20an, larunbatarekin, tren-azpiegiturak berritu eta trenen maiztasuna handitzea eskatzeko. Alternatiba bat badagoela gogorarazi dute deitzaileek eta azterketa hori aurrera eramatea ere eskatuko dute.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko apirilaren 18a
Goierriko, Arabako Lautadako eta Sakanako hainbat plataformek Altsasuko Ioartia plazan asteartean egindako prentsaurreko jendetsua. Argazkia: Sakana Trenaren alde

Garraiobide jasangarri baten aldeko aldarria eramango dute larunbatean Altsasura. Astearte honetan egindako prentsaurreko jendetsu batean eman dute egun horretan egingo duten manifestazioaren xehetasunen eta arrazoien berri. Nafarroa Trenaren Alde, Araba Trenaren Alde eta Goierriko AHTrik Ez plataformek deitu dute mobilizazioa, eta herritar guztiak deitu dituzte parte hartzera.

Azaldu dutenez, Abiadura Handiko Trenak soilik erabiltzeko eraikitzen ari diren azpiegituren lanak gelditzea eskatuko dute Altsasun, baina ez hori bakarrik, egungo tren-azpiegiturak berritzea eta trenen maiztasuna handitzea ere eskatuko dute, "trena benetako garraiobide bihurtu dadin".

Horretarako badago alternatiba bat mahai gainean: hainbat bide-ingeniarik duela urte eta erdi egindako azterlan teknikoa da, AHTk kalteturiko herri eta kontzejuen eskariz, eta gaur egungo proiektuak baino 2.000 milioi euro gutxiago kostako luke.

Alternatiba horren abantailak zerrendatu dituzte: salgaiak eta pertsonak garraiatu ahal izango direla; aldiriko eta eskualdeko bidaiak uztartu daitezkeela bidaia luzeagoekin; hiriburuen arteko bidaien denbora ez dela gehiegi handituko –Gasteiztik Iruñera, adibidez, 8 minutu gehiago baino ez–; egungo azpiegituren segurtasuna hobetuko dela, eta abar.

Hainbat bide-ingeniarik duela urte eta erdi azterlan teknikoa egin zuten, AHTk kalteturiko herri eta kontzejuen eskariz, eta gaur egungo proiektuak baino 2.000 milioi euro gutxiago kostako luke

"Herri borondatea errespetatu"

Deitzaileen arabera, AHTren azpiegituren etorkizuna oso zalantzan dago gaur egun, Frantziako Gobernuak ez baitio oraindik argi berderik eman Hendaiatik Bordelera joango litzatekeen lineari, eta AHTren lanak gelditzeko eskaerak "inoiz baino indar handiagoa" hartzen ari dira ondorioz. Gaineratu dute Euskal Y-aren eta Iruñearen arteko AHTren loturak kalteturiko udalerrien %70 dagoela aurkeztu duten alternatibaren alde.

"Eskatzen dugu herriaren borondatea errespetatzea –adierazi dute irmo prentsaren aurrean–, trenbide-azpiegitura berri bat eraikitzeko lan guztiak gelditzea, eta planteatutako alternatiba aurrera eramatea".

Manifestazioa arratsaldeko 18:00etan abiatuko da eta koloretsua eta polita izango dela ziurtatu dute: fanfarrerak, joaldunak, erraldoiak, Irurtzungo izaki mitologikoak, Jotafa txaranga, txalapartariak, bertsolariak, traktoreak "eta abar luzea" izango dira:  "Aukera izango dugu arratsaldeaz gozatzeko eta, aldi berean, AHTren txikizioaren aurka ekiteaz gain gure eskualde eta herriak lotuko dituen tren baten alde borrokatzeko", amaitu dute.