Auzoko jaietako gazte egunean, auzoan emantzipatu eta bizitzeko eskubidearen aldeko manifestazioa egin dute Judimendiko gazteek.
Ikasturte hasieran abiatu zuen auzoko gazte asanbladak «Gure bizitzak proiektatu, Judimendin emantzipatu!» dinamika. Ordutik galdetegiak eta lan komunikatiboa egin, zein datu estatistikoak lortu eta eman dituzte. Orain, mobilizazioarekin eman diote kanpainari jarraipena.
«Alokairuaren bataz besteko prezioa, etxebizitzaren bataz besteko salmenta prezioa… ez datoz bat gazteon prekarizazio egoerarekin eta gure guztizko ziurgabetasun egoerarekin. Gainera, ehunka etxe huts ditugu auzoan eta hauek gazteontzako eskuragarri jarri ordez, erabilerarik gabe daude. Ez dauka ez hanka ez bururik.» Hala seinalatu du gazte asanbladak.
Egoerak erantzule zuzenak dituela uste dute, sistema kapitalistak eskubideak merkantilizatzen dituelako, «banketxe, higiezin eta instituzioen engranajeen» bitartez. Erantzule horiei «aurre egiteko» beharra azaldu dute.
Auzoan emantzipatzeko eskubidea aldarrikatzen du gazte asanbladak, gazteen bizitzen garapenean duen garrantziagatik: guraso edo senideen etxeetan norbere bizi proiektua gauzatzea ezinezkoa dela argudiatu dute, «autonomia maila oso baxua izatera eta menpekotasun konstante bat izatera» behartuak baitaude egoera horretan, «gurasoen autoritate figura» egonkortuaz batera.
Gainera, gurasoen etxean bizitzeak «harreman sozialak eraiki, nortasuna garatu eta politizatzea» ere oztopatzen dituela uste dute, elementu horiek guztiek gaztaroan duten garrantzia handiarekin.
Gauzak horrela, borrokan jarraituko dutela adierazi dute Judimendi auzoko gazte asanbladako kideek etxebizitza eskubidearen alde: «etxebizitza eskubidea delako, gure bizi proiektuak osotasunean eta ahalik eta modu duinenean garatu nahi ditugulako, Judimendi maite dugulako eta bertan bizi nahi dugulako».