Aste mugitua izaten ari da Donostian, Kaleko Afari Solidarioen bueltan dabilen jendearentzat. Astelehenean beren aurkako kontzentrazioa egin zuten dozenaka pertsonak, inolako baimenik gabe eta Ertzaintzak esku hartu gabe, eta tentsio handia izan zen. Horrek hauspotuta, Eneko Goiaren udalak debekatu egin zion asteazkenean KASi Egia auzoan afariak ematea kalean bizi direnei. Ostegunean prentsaurreko jendetsu baten bidez Udalak eginiko salaketak gezurtatu eta afariak banatzen jarraituko dutela jakinarazi dute. Ostiralean, KASekin elkartasunez manifestaziora deitu dute hiriko hainbat eragilek, igande arratsalderako, Egia auzoan.
Ikusmina handia zen eta jende asko batu da ostegun arratsaldean KASek Egiako epaitegien alboan egindako prentsaurrekoa babestera. Bertan etxerik gabeko jendeari gauero-gauero ehunka afari emateaz arduratzen den herri ekimeneko kideek hitz egin dute, minduta. "Hirian zabaltzen ari diren jarrera arrazista eta faxistek udalean hainbeste eragiteak asko kezkatzen gaitu. Garai beltzak datoz", adierazi dute. Jakinarazi dute, prentsaurrekora ez direla joan afariak jasotzen dituzten ehunka pertsonak, "bizi duten intseguritateagatik".
Lehenik eta behin, gertaeren errepasoa egin zuten. Garrantzi berezia eman diote azken urtean Lo que no te cuentan de Donostia izeneko sare sozialetako kontuetatik egiten dieten jazarpenari. "KASkideak seinalatu, mehatxatu, kriminalizatu eta iraintzen dituzte. KASen jasotzaileak jipoitzera iritsi dira eta gure irudirako, ekintza horiek gizatasunaren aurkako gorroto eta delitu ekintzak dira eta auzibide penala exijitzen dute". Salatu dute astelehenean “Segurtasuna” lelo zuen eta KASen afaria jomugan izan zuen kontzentrazioak ez zuela baimenik eta Ertzaintzak, bertan egon arren, ez zuela desegin, "baizik eta baimendu". Han izan ziren Donostiako PPko hiru zinegotziak eta solidarioei irainka aritu ziren, Irutxuloko Hitzak bideoan jaso zuenez. KASetik adierazi dute ulertzen dituztela eta enpatizatzen dutela bortizkeria bizi duten herritarrekin, baina hala ere, azterketa sakonagoa egiteko eskatzen dietela. "Ez da bidezkoa delinkuentzia lotzea kolektibo oso batekin eta elkartasun sare batekin", adierazi dute.
Jakinarazi dute Donostiako Udaltzaingoak ahoz komunikatu diela Eneko Goiaren Udalak debekatu egin diela Egian janaria banatzea, baina ez daukatenez idatzizko ohartarazpen ofizialik, ez dakitela zein diren debekuaren arrazoiak. Elkartasuna eskertu eta afariekin jarraituko duela esan dute, hirugarren banaketa puntu bat bilatuta.
Donostiako Segurtasun zinegotzi Martin Ibabek esandakoa gezurtatu dute. Zinegotziak esan zuen aurreko astean afarietan laban, matxete eta droga konfiskazioak egin zituztela eta horrek ez duela zerikusirik jateko beharrarekin, baizik eta delinkuentziarekin. "Guk dena gezurtatzen dugu. Ez zen inondik inora halakorik gertatu aurreko asteko afarietan".
Donostiarrei elkartasuna eskertu eta afari solidarioekin jarraitzeko laguntza eskatu diete, eta jakinarazi dute Donostiako Udalarekin hainbatetan bildu direla eta jantoki sozial bat egiteko eskatzen dietela.
KASekin elkartasunez, hiriko hainbat eragilek –zehaztu gabe– manifestatzera deitu dute iganderako Egia auzoan. Blas de Otero plazatik irtengo da 18:00etan.
Joan den abuztuan, irakurketa bateratua eskaini zuten 37 eragilek, besteren artean, Ernai, GKS, Bilgune Feminista, Egia Bizirik, Martutene Bizirik eta Donostiako Piratek.