Milatik gora lagun bildu ziren joan den larunbatean Iruñeko Arrotxapea auzoan, hilaren 2an desalojatutako auzoko gaztetxeari sostengua adierazteko eta itxiera operazioa salatzeko.
Maiteminduen plazatik atera zen manifestazioa arratsaldez, Antolatzerik ez espaziorik gabe pankartak bidea irekitzen zuela. Gaztetxea egon zen espazioaren aurretik pasatu zenean, manifestariek txalo egin zuten eta gazte batzuek Mila esker, borrokak darrai lelodun pankarta jarri zuten. Gaztetxea eraitsi egin dute jada, Iruñeko Udalak jakinarazi duenez, bertan etxebizitzak eraikitzeko.
Manifestazioa Anelier pasealekuan amaitu zen eta hara iritsi bitartean oihu ugari egin ziren gaztetxea eta okupazioaren alde, batetik, eta poliziaren aurka bestetik, azken hauei “Que se vayan! abesti ezaguna eskainiz. Espainiako Poliziaren presentzia handia zen auzoan, baina ez zen istilurik izan.
Manifestazioaren amaieran irakurritako agirian, gaztetxeko kideek azaldu zuten gaztetxearen gisako espazioak ezinbestekoak direla “auzoa bizirik mantentzeko, kolektiboen topaleku gisa, formazioa, kritikotasuna eta sistematik kanpo geratzen diren hamaika gauza egin ahal izateko”. Argi utzi zuten halako espazio bat izatea oso garrantzitsua zela auzoarentzat eta iragarri zuten bat izango dutela lehenago edo geroago.
Irailaren 2an itxi zuten gaztetxea epaileen aginduz, Iruñeko Udalak, Juslaberri enpresak eta La Caixak lantegiaren okupazioaz egindako salaketaren ondoren. Sei lagun atxilotu zituzten itxieraren ondorioz sortutako istiluetan eta Espainiako Poliziak dozenaka lagun zauritu zituen gazteen aurka oldartu zenean.
Ahotsa.info-ren ondorengo bideoan ikus daiteke manifestazioaren laburpena: