argia.eus
INPRIMATU
Manifestazio jendetsua Martxoak 3an Gasteizen Poliziak eraildako bost langileen oroimenez
  • 49 urte eta gero Espainiako Poliziak Gasteizko Maria Sortzez Garbiaren katedralean eraildako bost langileak oroitu dituzte beste behin astelehen arratsaldean. Milaka pertsona batu dira Zaramagatik abiatutako eta katedralean amaitutako manifestazioan. Manifestari guztiek ez dute ibilbidea amaitu, aurten Ertzaintzaren kargak izan baitira berriz, eta manifestazioaren atzealdean zegoen jendetzak ezin izan du katedraleko ekitaldira gerturatu.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko martxoaren 04a
Manifestazioko pankarta nagusia LAB sindikatua

Astelehenean 49 urte bete dira Espainiako Poliziak Gasteizen Romualdo Barroso, Francisco Aznar, Bienvenido Pereda, Jose Castillo eta Pedro Maria Martinez Ocio langileak erail zituenetik. Horien memoria egiteaz gain, Vicente Anton Ferrero eta Juan Gabriel Rodrigo ere oroitu dituzte; Basauri eta Tarragonan M3ko sarraskiaren harira egindako manifestazioetan parte hartzeagatik erail baitzituen Poliziak.

Manifestazio jendetsua Zaramagan 18:30ean hasi bada ere, egunean zein astean zehar hamarnaka ekitaldi egin dituzte Gasteizko eragileek. EITBk jaso duenez, goiz-goizetik ekin diete omenaldiei, lore eskaintzarekin bertako elizako monolitoan. 18:00etan Martxoak 3 elkarteak urteroko omenaldia egin dio eta 18:30erako Faxismoaren aurrean antolatu, eskubide sozialak borrokatu lema zuen manifestazioa hasi da. Manifestazioak aurten ez-ohiko ibilbidea izan du, aurreratu genuen bezala, Zaramagako San Frantzisko elizatik –2025ean memoria gune izendatuko duten elizatik– ekin dio eta Katedral Berrian amaitu da. Manifestazio buruan "Inpunitatearen kontra justizia, egia, memoria erreparazioa" zioen pankarta bat zeramaten.

Berriz ere errepresioa

Hala ere, bertaratutako hedabideek jakinarazi duten bezala, ez dira manifestari guztiak Katedral Berriraino iritsi; aurten ere kargatu du Ertzaintzak. Manifestazioa Gasteizko etorbidetik barrena zebilela, Europako Jauregiaren parean Ertzaintza atzealdean zegoen jendetzaren aurka oldartu da eta ibilgailuekin manifestazioa moztu du. Manifestariek objektuak jaurti eta kontainerrak lurrera bota dituztela adierazi du Ertzaintzak. Naizeko Alaia Sierraren hitzetan, "ez zuten aparteko arrazoirik" bertan egoteko. Egindako "interbentzioaren" ondorioz hainbat jendek ezin izan du itxiera ekitaldira heldu.

Segurtasun Sailak jakinarazi du "kaputxadun talde batek hainbat objektu" jaurti dizkiela martxa "zaintzen" ari ziren ertzainei. Horiek "sakabanatzeko salbekin" erantzun dute. Ez dute zehaztu zein motatako jaurtigaiekin erantzun duten. Ertzaintzak egiaztatu du ez dela atxiloketarik izan eta eragileek ere ez dute adierazi halakorik izan denik. 

Bigarren urtez jarraian hartu du esku Ertzaintzak manifestazioan, "aparteko arrazoirik gabe". Aurtengoan zauritu nabarmenik izan ez bada ere, aurreko urtean foam jaurtigailu batek 60 urteko emakume bat zauritu zuen ahoan eta legez kanpoko pilotak erabili ziren; Polizia manifestarien artean infiltratu zela ere jaso zen. Ertzaintzak iaz lau pertsona atxilotu zituen eta desordena publikoak eta agintaritzaren aurkako atentatua leporatu zizkieten, azkenean aske geratu ziren.

Aurten, 1976an Martxoak 3 plazako monolitotik gertu idatzitako Justizia hitza berridatzi dutela jakin da, hala ere, Arabako Aleak jakinarazi duenez, astearte goizean Gasteizko Udaleko langileek idatzita zegoena ezabatu dute.