Gazte Euskaltzaleen Sareak manifestazio “zabal” eta jendetsua espero du larunbatean, Donostiako Antiguako tuneletik 17:30ean hasita Euskara Aurrera lelopean.
Hizkuntza normalizaziorako bidean dauden oztopoen gainetik euskarak “aurrera” egin dezan, manifestazioa deitu du larunbatean, Donostian, Gazte Euskaltzaleen Sareak, Antiguako tuneletik hasita 17:30ean. Euskararen aldeko borrokan bildu den gazte belaunaldi talde berriak “haize freskoa” eraman nahi du mugimendura, “beste fase bati” ekiteko asmoz.
Apirilaren hasieran iragarri zuten Euskara Aurrera manifestazioa, euskalgintzako hainbat erakunde eta pertsona ezagunen babesarekin, eta geroztik ehundaka atxikimendu jaso dituzte. Tartean dira AEK, Topagunea, Kontseilua, Ikastolen Elkartea, sindikatuak eta euskal hedabide ugari. ARGIAk ere bere atxikimendua adierazi du.
Duela urtebete Iruñean gazte euskaltzaleek plazaratutako irakurketa du abiapuntu ekimenak; euskaltzaleek egin dezaketena “gure esku dagoen hori indartzea” dela ondorioztatu zuten ordukoan: “euskararen aldeko borroka”. Hala adierazi dio Beñat Jusue sareko kideak Radio Euskadiri: “Guk nahi duguna da utz gaitzatela euskaraz bizitzen”.
Euskararen aldeko borrokan bildu den gazte belaunaldi talde berriak “haize freskoa” eraman nahi du mugimendura
Zentzu horretan, azken urteotan euskalduntze prozesuak izandako “geldialdiari” kezkaz begiratzen diote. Alde batetik euskararen aurkako “erabaki politiko eta judizialak” nabarmendu dituzte, baina bestetik “interkomunikatuta bizi garen garai ezegonkor hauetan kokatu nahian eta ezinean ari da gure hizkuntza, gero eta lausoago, pandemian ikusi dugun moduan”. Manifestazioari atxikimendua emateko manifestuan garbi diote: "Belaunaldi berriok ere euskararen aldeko olatura igotzeko ordua da".
“Makalalditik irteteko” beharra adierazi dute eta Donostiako zita izango da lehen pausoa. Jendetza espero da larunbatean hiri horretan, herri ugaritatik autobusak antolatu dituzte eta Gazte Euskaltzaleen Sareak manifestazioa “zabala” eta “askotarikoa” izatea nahi du. Herritarrei dei egin die euskararen aldeko aldarriak eramateko, bakoitzak nahi duen moduan eginda.