argia.eus
INPRIMATU
Manifestazio jendetsua egin dute Cardiffen Gales independente baten alde
  • Joan den larunbatean, maiatzak 11, milaka herritarrek hartu dute parte Cardiffen –Caerdydd  galeseraz– Galesen independentzia eskatzeko antolatutako manifestazioan. Brexit-a bozkatu zuenetik britainiarren gehiengoak, indartuz datoz Galesen historikoki ahulak izan diren burujabetzaren aldeko erakustaldiak.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 13a
Milaka lagun batu dira independentziaren alde Galesen.

Gales da herri zeltetan bere hizkuntzari irmoen eutsi dion herrialdea, baina autogobernu eskakizunak hemen epelagoak izan dira historikoki Eskozia batean baino. Hala ere, Brexitak herritar asko hurbildu ditu nazionalisten eskakizunetara eta The Guardian egunkariaren hitzetan larunbatekoa izan da Galesen historian independentziaren aldeko lehen manifestazioa: "Manifestazioko parte hartzaileek zioten Brexitak eta austerirateak handitu dutela Erresuma Batutik irtetearen aldeko joera. (...) Protestalarietako batzuek esan zuten aspalditik daudela independentziaren alde baina beste batzuek aitortu zuten Brexitak eta austeritateak alda erazi dituela iritziz". Elkarretaratzea amaitu zen "Hen Wlad Fy Nhadau" Galesen ereserkia kantatuz.

Adam Price Plaid Cimry alderdi abertzaleko buruak deklaratu die kazetariei: "Urte luzez oso urrutiko kontutzat ikusi da Gales independente bat edukitzeko gure nahia. Baina garaiak aldatzen ari dira, manifestazioak handituz doaz eta independentziaren aldeko ahotsak ozenago entzuten dira. Hamarkada luzez Westminsterrek [Londresko Legebiltzarrak] ahaztu gaitu eta ondorioz txirotasuna eta inbertsio falta handitu dira. Gure hiru haurretatik bat txirotasun maila baten azpitik bizi da eta aski duzu Brexitak ekarri duen kaosari begiratzea ohartzeko Westminster ez dela gai Gales gobernatu eta ordezkatzeko".

Larunbateko manifestazioa antolatu zuen  All Under One Banner Cymru elkarte berriak, izen berarekin Eskozian mobilizazio jendetsu ugari sustatu dituenaren lan moldeetan oinarrituta.