argia.eus
INPRIMATU
Greba orokorra Ipar Euskal Herrian
Manifestazio handiak seigarrenez eta sektore batzuetan greba mugagabea
  • Greba orokor eguna dute martxoaren 7a Ipar Euskal Herrian. Macronen pentsioen erreformaren aurka mobilizazio handiak egiten ari dira Frantziako Estatu osoan, eta sindikatuek greba mugagabera deitu dituzte sektore batzuk.

Leire Artola Arin 2023ko martxoaren 07a

Garraioan, hezkuntzan eta energia sektorean espero da grebaren eragin handiena. Sindikatuek dei egin dute herrialdea gelditzera, eta espero dute milioi bat inguru pertsonak bat egitea Frantziako Estatuan. Besteak beste, trenak gutxieneko zerbitzuetan daude, Miarritzeko aireportuan bertan behera gelditu dira zenbait hegaldi, eta sindikatuek aurreikusi dutenez hezkuntzan irakasleen %60 batu da lanuztera.

Greba mugagabean daude sektore hauetako langileak, besteren artean: birfindegiak, elektrizitate eta gas sektoreak, zabor biltzaileak, zamaketariak eta beira eta zeramikagileak. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak “erretreten erreforma baztertu arte” lanuztean egongo direla iragarri du CGT sindikatuen elkarteak.

Baionan 10:30ean abiatu da manifestazioa, eta Argitxu Dufau LABeko Ipar Euskal Herriko koordinatzaileak berretsi du “gaur indar bat gehiago erakutsi” behar dutela, Ekhi Erremundegi Berriako kazetariari egindako adierazpenetan: “Gure aldarrikapenak entzun behar dituzte, eta horiek ez dira aldatu: erretreta erreforma bertan behera utzi behar du Macronek, eta hori egin arte mobilizatuta egonen gara, bai gaur eta bai ondoko egunetan”. 10.000-12.000 lagun elkartu dira Baionan, Kazeta.eus-ek jakinarazi duenez, Polizia iturriak aipatuta.

Arratsaldean Donapaleun (Nafarroa Beherea) dago manifestaziorako hitzordua, 18:30ean, FSU, ELB, LAB eta Solidaires sindikatuek deituta.

Erreformaren gakoak

Macronen agintaldiko erreformarik garrantzitsuenetakoa da pentsioena. Herritarren haserrea piztu duten aldaketak hauek dira, besteak beste: erretiro adina 62 urtetik 64ra luzatuko dute progresiboki 2030era bitartean; egun erretirorako erregimen berezia duten 42 sektoreetako –postariak, metro gidariak eta senatariak, esaterako– ia denak erregimen orokorrera igaroko dira, eta gainerako lanbideetako erretiro baldintzak izango dituzte.

Sindikatuen esanetan, “gehien galduko dutenak” emakumeak izango dira, hala nola zaintzara bideratzen dutelako euren lan bizitzaren zati bat; gobernuak adierazi du dirulaguntzen bidez orekatu nahi dutela desparekotasun hori. Gainera, Macronek baieztatu du gutxieneko pentsioak 1.200 eurokoak izango direla, baina praktikan zaila dago hala izatea, zergak handiagoak izango baitira. Halaber, kopuru hori aurreikusten da bizi osoan gutxieneko soldata jaso duten langileentzat soilik.

Azken uneko neurriak inflazioari

Greba orokorraren bezperan iragarri du Frantziako Gobernuak akordioa lortu duela merkataritzako banaketa enpresa handiekin, eta “inflazioaren aurkako hiruhilekoa” abiatuko dutela. Supermerkatuek produktu sorta bat aukeratuko dute, eta oinarrizko produktu horien irabazi tartea txikituko dute, “ahalik eta merkeen” saltzeko herritarrei. Bruno Le Maire Ekonomia ministroak jakinarazi duenez, ekainean berriro negoziatuko dute akordioa.