argia.eus
INPRIMATU
Manifestazio eta aldarri ugari Maiatzaren Lehenerako
  • ELA sindikatuak mobilizazioak egingo ditu Bilbon eta Iruñean, eta LABek, berriz, Iruñean.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko apirilaren 30

Borroka politiko eta sozialaren aldeko aldarriak egingo dituzte Euskal Herriko sindikatuek Maiatzaren Lehenean. Eraldaketa sozialerako borrokatu behar dela dio LABek, eta ELAk Antolatu, borrokatu, irabazi leloa erabiliko du. Biek ala biek seinalatu dute kaskarra dela egungo egoera sozioekonomikoa, enpresen etekinak handitu direlako langileen lan eta bizi-baldintzek okerrera egin duten neurrian. ELA sindikatuak bere buruari aitortu dio sinatu dituen hitzarmen kolektiboak batezbestekoaren gainetik doazela; eta, haien diskurtsotik nabarmentzeko beste puntu bat, austeritate politikak nagusitzen ari direla eta "benetako arduragabekeria" dela, armagintzaren mesedetan. LAB sindikatuak, bestalde, datuak mahai gainean jarrita, honakoa adierazi du: "Euskal langileen %50 baino gehiago egoera prekarioan bizi da, izan beharturiko eta ordaindu gabeko zaintza lanetan ari direlako, langabezian daudelako edo 1.400 eurotik beherako soldata kobratzen dutelako".

UGT eta CCOO sindikatuak, bestalde, esku beretik doaz. Biek diote "enpleguaren alde" egin behar dela –gaztelerazko bertsioan langabezia jaistea eskatzen dute–, eta, horrez gain, lanaldiaren murrizketa eskatuko dute, soldatak igotzearekin batera. Elkarrekin egingo dituzte mobilizazioak.

Jaurlaritza berriari zer?

Testuingurua berezia izango da, ezbairik gabe, EAEn hauteskundeak berriki egin baitira. EH Bilduren moduan, LAB sindikatuak ere esan du "ziklo politikoa berria irekitzen" ari dela, LAB ere horren parte delako. "Aldaketa politikoak bultzatzeko eragile aktibo izango gara, burujabetzaren aldeko borroka eta bizi-baldintzen aldekoa banaezinak direlako", esan zuten Maiatzaren Leheneko mobilizazioen berri emateko agerraldian.

ELA sindikatua, bestalde, gogor mintzatu zen egungo Jaurlaritzak eragindako egoera sozioekonomikoaz, eta zuzenean seinalatu zuen gobernuen konplizitatea eta ezker instituzionalaren oposizio eta "proposamen alternatiboen falta". Besteak beste, eta Berria egunkariko Imanol Magro Eizmendi kazetariari honela esaten zion Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak, EH Bilduren posizio politikoaz: "Tamalez, [EH Bilduk] egin duen hautua dago. Herri akordioen mezua zabaldu nahi du, eta, egiten badira, bere burua gobernu horren aliatu gisa kokatzen du. Horrela, baina, ematen duzun mezua da egiten diren gauza horiek ez daudela hain gaizki".

Horrez gain, aipaturiko elkarrizketan, Lakuntzak esaten du Jaurlaritzari eskatuko diotela zerbitzu publikoetan inbertsioak egiteko, baina ez du esperantzarik politika progresistak egingo dituztenik: "Jaurlaritza berria izango da, baina politika zaharrak egingo ditu".

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk ere zerbitzu publikoen aldarria egin du El Salto-n egin dioten elkarrizketan. EAJk "pribatizazioaren alde" egiten duela dio, baita negozioak ere zaintza ereduarekin; Aranbururen arabera, sistema publikoak ezinbestean indartu behar dira.

Maiatzaren Leheneko hitzorduak

ELAk Bilbon eta Iruñean egingo ditu mobilizazioak, 11:30ean abiatuta. Bilbon, Jesusen Bihotzatik abiatuta; eta Iruñean, Gurutzeko plazan.

LAB sindikatuari 50. urtemugako ospakizun betean heldu zaio aurtengo Maiatzaren Lehena. Horregatik, eguerdiko manifestazioaren ondoren, festa ere egingo du Iruñean, Anaitasuna kiroldegian. Herri bazkaria egongo da, eta kontzertua gero. Ernai gazte antolakundea mobilizazio horietara batu da.

UGTk eta CCOOk Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan deitu ditu mobilizazioak, eguerdian.

Steilasek ere Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian egingo ditu. Donostiako manifestaziora iristeko, Errenteriatik irtengo da protesta lehenago.

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, bestalde, Bilbon deitu du manifestazio nagusia, 13:00ean. Ekida arte ekimen sozialistak Internazionala-ren euskarazko bertsio berri baten proposamena egin du sareetan.

Intersindikalaren hitzordua Baionan

Langileen bizitzen prekaritate orokor eta antolatuaren kontra "inoiz baino gehiago eta masiboago" mobilizatzeko deia egin dute CFDT, CGT, FSU, LAB eta Solidaires sindikatuek Maiatzaren Lehenerako, Baionan. Hitzordua 11:00etan eman dute Santa Ursula plazan.

Hitzordu nagusia hori izanagatik ere, beste batzuk ere egongo dira. Maulen bi mobilizazio: CGTk deitua bata, zerbitzu anitzeko zentrotik abiatuta, eta beste bat LABek, Gurutze Zurian. Hendaian, berriz, CGTk deitu du protesta.