Agerraldia egin zuen astelehen goizean Sare plataformak, urriaren 24rako deitu dituen mobilizazioen berri emateko.
Urriaren 24an manifestazio bat egingo dute Donostian, eta martxa Kontxako hondartzan amaituko dute; han, mosaiko bat egingo dute, mezu bat “mundu osora” zabaltzeko: “Madrilgo eta Parisko gobernuetako jaun-andreak: has zaitezte benetako neurriak hartzen egoera hau atzean uzteko”, azaldu dute.
Mobilizazioan parte hartzeko dei egin diete euskal herritar guztiei, “atxikipen alderdikoirik gabe”: “Giza eskubideen alde dauden, salbuespeneko espetxe-politika desagerraraztea, eta guk izan duguna baino etorkizun hobea lortu nahi duten guztientzako deialdia da”, adierazi dute.
Kontxa pasealekuan egin duten agerraldian bake prozesuaren baitan izandako mugarriak gogoratu dituzte: ETAren jardueraren behin betiko amaiera 2011ko urrian, armagabetzea 2017ko apirilean, eta haren desegitea 2018ko maiatzean. 2018ko ekainaren garrantzia ere azpimarratu dute: “Lehen aldiz, Espainiako Gobernuko presidenteak konpromisoa hartu zuen, publikoki, espetxe-politika sakon aldatzeko. Terrorismoaren aurkako espetxe-politikaren ordez euskal presoen giza eskubideak errespetatzen dituen espetxe-politika bat ezartzeko konpromisoa”.
Horrela, kritika dute promesa horiek “promesa hutsak baino” ez direla izan, eta Espainiako Gobernuari zuzendu diote mezua: “Erakuts ezazue gobernu aurrerakoia zaretela benetan, eta erabil ezazue gehiengo hori egoera hau aldatzeko. Egiten baduzue, gehiengo sindikalaren eta politikoaren babesaz gainera, euskal gizarte osoarena izango duzue”.
Sarek “bakean eta bizikidetzan oinarritutako gizartea” aldarrikatu du, eta gehitu du egungo egoera ezin dela luzatu: “Igorren [Gonzalez Sola] heriotza azkena izan behar delako, eta senideen sufrimendua desagertu egin behar delako. Bakean eta bizikidetzan oinarritutako gizartea behar dugulako”, adierazi dute.
Urriaren 24rako deitutako mobilizazioez gainera, datorren larunbaterako, egun osorako egitasmoa antolatua dute: urriaren 3an Euskal Herriko 650 menditara joateko dei egina du Sarek.