argia.eus
INPRIMATU
Manifestazio antiespezista egin dute Donostian
  • Animalien ongizaterako lehen premisa “askatasuna” dela azpimarratu du Nor kolektibo antiespezistak.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko azaroaren 02a
Azaroaren 1eko manifestazioa Donostian. // Argazkia: Nor Kolektiboa

Azaroak 1ean beganismoaren eguna da, eta Nor kolektibo antiespezistako kideek seigarren urtez manifestazioa antolatu dute Donostian. Data “animalien aldeko borrokaren bateragune” bilakatu dela adierazi dute antolatzaileek, eta “ekinean” jarraituko dutela “animaliek egoera bidegabean jarraitzen duten bitartean”.

200 pertsona inguruk hartu dituzte Donostiako kaleak. Talde antiespezistak salatu du ez dituela “esplotatzaileen gezurrak” sinesten: “Milaka ongizate zigilu asma ditzakete, baina badakigu zergatik duten behar hori. Azken urteetan kaleratu diren ikerketa eta granjen irudiek gogoeta asko piztu dituzte, baina zapalkuntza ez da ikusten den bortizkeria soilik”.

Animalien ongizaterako "beren askatasuna” beharrezko ikusten du taldeak. Halaber, “biolentzia” gisa definitu dute “norbaitek bere buruaren jabetza ez izatea”, eta azpimarratu dute animalien ustiaketan jarduten dutenek beren bizitzen gaineko “kontrol osoa” dutela.

“Esplotazio hau sistema kapitalistaren hauspo bat gehiago” dela adierazi du amaieran taldeak: “Etekinaren izenean edozer egiteko gauza dira”.