argia.eus
INPRIMATU
Manifestari bat atxilotu dute Iruñean Patxi Ruizen aldeko manifestazioan
  • Iruñean, larunbatean, Ruizekin elkartasunez, manifestazioa egin dute. Espainiako Poliziak manifestarien aurka egin du eta pertsona bat atxilotu du. Igande goizaldean utzi du aske poliziak manifestaria.14. eguna egin du Patxi Ruiz preso politikoak gose greban. Egoera larrian baina egonkor dagoela jakinarazi du bere medikuak.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 24a
Argazkia: Ahotsa.info

Espainiako Polizia Nazionalak larunbat arratsaldeko azken orduan oldartu da Iruñeko Gaztelu Plazan Patxi Ruizekin elkartasunez bildutakoen kontra. Manifestarien eta terraza bateko bezero batzuen artean liskarra sortu da eta Espainiako Poliziak eta Foruzaingoak esku hartu dute. Ondoren, Espainiako Poliziak manifestarien aurka egin eta pertsona bat atxilotuta eraman du. Igande goizaldean geratu da aske atxilotutako herritarra.

Ahotsa.info-ren bideo honetan jaso dute nola foruzain batek bi kolpe ematen dizkion aurpegian lurrean dagoen pertsona bati.

 

Patxi Ruizek hamalaugarren eguna du gose greban. Lehendabiziko hamabi egunetan egarri greba ere egin du. Ostiralean jakitera eman zutenez, Ruiz Murtzia II espetxeko erizaintzako moduluan dago, koronabirusaren aurkako berrogeialdiko protokoloa aplikatuta. Bere konfiantzazko medikuak kartzelako medikuekin egoteko aukera izan du eta Ruizen txosten medikoak eskuratu ditu. Egin dizkioten analisien arabera, Patxi Ruiz egonkor dago, larritasunaren barruan.