argia.eus
INPRIMATU
Manifestari armatuak Michigango kapitolioan, konfinamenduaren amaiera eskatuz
  • AEBetako Michigan Estatuan konfinamendua luzatu edo ez eztabaidatzeko egunean ehunka manifestari kapitolioan sartu dira, batzuk arma luzeekin. “Jende ona da, baina haserre daude”, adierazi du Trumpek.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 03a
Argazkia: pagina12.com.ar |Twitter

Michigango Estatua koronabirusak gogorren kolpatu duenetako bat da AEBetan, eta Gretchen Whitmer gobernadore demokratak herrialdeko konfinamendu neurri zorrotzenetarikoak ezarri ditu. Larunbatean eztabaida zegoen kapitolioan, konfinamendua beste 28 egunez luzatzeko proposamenarekin. Eztabaidaren ordu berean, luzatzearen aurka protesta egiteko bildu ziren kanpoaldean milaka herritar Lansing hirian. Manifestarietako batzuk kapitoliora sartu ziren, horietako batzuk armatuta. Legezkoa da Michiganen armak eramatea, agerian izateko baldintzarekin. Ez da eskuinak eta eskuin muturrak sustatu duten lehen protesta armatua Michiganen eta AEBetako beste estatu batzuetan.

Kapitolio barruan tentsio uneak bizi izan ziren. Trumpek aipamena egin du manifestari armatuez: “Jende ona da, baina haserre daude”. Konfinamendua ez luzatzea erabaki zuen Michigango Kamerak.