argia.eus
INPRIMATU
Eskuin muturrarekin lotura duen alemaniar batek egin zuen Manheim hiriko auto harrapaketa, ez etorkin batek
  • Alemaniako Poliziak asteleheneko gertakariaren arrazoiak "politikoak" zirela baztertu duen arren, 35 urteko Alexander Scheuermann Ring Bund talde neonaziko kide zen. Bi hildako eta hamar zauritu utzi dituen atentatuaren egileak sare sozialetan "gorroto mezuak" argitaratzeagatik aurrekariak ditu.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko martxoaren 06a
Alexander Scheuermann, irudiaren erdian, Alemaniako eskuin muturraren manifestazio batean EXIF

EXIF-Recherche taldeak eginiko ikerketaren arabera, Ring Bud talde neonaziarekin loturiko hainbat delitu ditu Scheuermannek: duela hamar urte kartzela zigorra ezarri zioten lapurreta batengatik, eta Romeo Schüssler Mannheimeko (Alemania) fiskal nagusiak baieztatu duenez, sare sozialetan eginiko "iruzkin ultrengatik" inputatuta dago. Halere, Baden-Württembergeko –Mannheim hiria kokatzen den eskualdea– Barne ministro Thomas Stroblek (CDU) atentatuaren egilearen "gaixotasun mentalean" kokatu du gertakariaren arrazoia, eta ez "muturreko jatorri edo jatorri erlijioso" batean.

"Harrigarria da autoritateek ez diotela garrantzirik eman gertakariaren alderdi politikoari", adierazi dute EXIFeko ikerlariek, ez baita "ikerketen jomuga" izaten ari. Ikerketa taldeak azaldu duenez, Ring Bund armen trafikoaren sare batekin lotu zuten 2020an, eta taldearen bi buruak suzko armak legez kanpo saltzeagatik kondenatu zituzten bi urte beranduago, 2022an. Urte horretan eginiko ikerketa batek ere frogatu zuen armen trafikoko sare horretan Patriotische Alternative antolakunde ultrak ere parte hartzen zuela, Alemaniari Alternatiba (AfD) eskuin muturreko alderdi politikoarekin lotura duena.

Eskuin muturraren manipulazioa

Astelehenekoa ez da Alemanian azken aldian gertatu den atentatu bakarra: 2024ko abenduaren 20an jatorri arabiarreko gizon batek sei pertsona hil zituen auto batekin harrapatu ondoren, Magdeburgon. Eskuin muturrak egilearen jatorria baliatu zuen gertakaria "eraso terrorista" gisa saltzeko, baina ondoren frogatu zen atentatua egin zuen pertsonak etorkinen aurkako jarrera irmoa zuela, eta sare sozialetan eskuin muturraren loturiko mezuak argitaratu zituela.

Astelehenean Mannheimeko auto harrapeketa gertatu eta berehala, besteak beste, Silvia Orriols Aliantza Katalana eskuin muturreko alderdiaren buruak sare sozialetan argitaratu zuen gezurra esan zuen; hau da, erasoaren egilea etorkina zela "Europako gobernuek, meskitak itxi eta etorkinak kanporatu beharrean, horiek salatzen dituztenen aurka jotzen dute". Ondoren eginiko ikerketek gezurtatu egin dute eskuin muturraren propaganda. Ez da lehen aldia, eta ez da azkena izango.