argia.eus
INPRIMATU
Manga narratiba euskaraz argitaratuko du Harriet argitaletxeak
  • Euskarazko mangari eskainitako lehen bilduma sortu du Harriet argitaletxeak: Kabe. Tomomi Usui komikigile japoniarraren Cube Arts seriearen lehen alearekin estreinatuko dute bildumaren ibilbidea.

Amaia Lekunberri Ansola 2022ko azaroaren 16a
Euskaraz argitaratuko den \"Cube Arts\" komikiko irudiak.

Harriet argitaletxeak aurkezpena egin zuen asteartean Donostiako Koldo Mitxelena Aretoan, esku artean zerabiltzaten nobedadeak jendaurrean ezagutzera emateko: Inoiz ez: E eguna, Bruno Duhamel komikigilearen ale itzuli berria, Inoiz ez lanari segida ematen diona; eta manga narratiba argitaratzeko sortu berri duten Kabe bilduma.

Berariaz sortu dute japoniar narratibari tokia egingo dion bilduma, ohartuak baitziren Euskal Herrian badagoela manga irakurtzeko zaletasuna , baina ez euskarara ekarritako mangarik. Argitaletxeko kide Koro Murok azaldu zuenez, 2021ean 1.033 manga istorio argitaratu ziren gazteleraz eta 2.204 frantsesez, euskaraz argitaratutako lan kopurua anekdotikoa den bitartean; Ooso Comics argitaletxeak argitaratutako X-Venture, Gorputza krisian eta Erreskate handia besterik ez ziren argitaratu euskaraz. Hala bada, "anomalia kultural" horri konponbidea ematen hasi asmoz egin dute manga narratibari eskainitako bilduma bat sortzearen aldeko apustua. Nerabe eta gazteei zuzendutako bilduma izango da, horiek baitira manga irakurtzera zaletuenak euskal jendartean.

Bildumaren lehen ekarpena Tomomi Usui komikigile japoniarraren Cube Arts seriearen lehen alea izango da. Hiru komikik osatzen dute seriea; lehena orain kaleratuko dute, eta beste biak datorren urtean euskaratzea da argitaletxearen asmoa. Japonieratik zuzenean ekarri du euskarara istorioa Iker Alvarezek, eta ondokoa da trama: Takuto batxilergoko lehen mailako ikaslea da. Halako batean, Cube Arts izeneko jokoaren demo bertsioa iritsiko zaio etxera, beta testerako aukeratua izan delako. Berriak asko poztuko du protagonista. "Errealitate birtualeko kaskoa jarri bezain laster, blokez egindako mundu amaigabe bat azaltzen da bere aurrean. Sandbox joko honetan, aukerak mugagabeak dira: mineralak bilatzea, eraikitzea, armak egitea, abeltzaintzan jardutea... baina baita borrokatzea ere. Hor bakoitzaren aukera". Mangaren jatorrizko irakurketa zentzua izango dute euskarara itzulitako lanek ere: atzekoz aurrera eta eskuinetik ezkerrera irakurtzekoak izango dira.

Beste zenbait lan euskarara ekartzeko asmotan ere badabiltzala aurreratu du argitaletxeak, eta zenbait izen aipatu dituzte; hala nola, Heroines Games, Change the World, Dinosan, Girls' Last Tour eta An otaku called God.