argia.eus
INPRIMATU
MaƱeruko alkatea, “oso haserre eta inpotente” eremu mistora pasatzeko eskaera ez delako aurrera aterako
  • Mañeruko Udalean “amorrua” da nagusi, “ez dugu ulertzen PSNren jarrera”, azaldu dio alkateak ARGIAri. PSNk aurreratu du ezetz bozkatuko diola udalerria eremu “ez euskaldunetik mistora" pasatzeari eta beraz, PSN eta Navarra Sumaren kontrako botoengatik proposamena ez da aurrera aterako. "Gu gara hemen bizi garenak, baina haiek hartuko dute erabakia".

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko urtarrilaren 31

Udalak aho batez eskatu du eremu mistora igarotzea: “Ez dugu eskatzeagatik eskatu, euskara oso presente dago gure herrian, eta horren lekuko da D ereduan ikasten duela herriko haurren hiru laurdenak. Argi dago gurasoek umeak euskaraz hezi nahi dituztela, eta hori zerbaiten isla da”, adierazi digu Nuria Garcia Mañeruko alkateak. Alderdi independenteko kidea da bera, eta garbi mintzatu zaigu: oso haserre daude PSNren erabakiarekin, amorratuta eta inpotente, “ezin dugulako ezer egin”. Ostegun honetan bozkatuko dute afera Nafarroako Parlamentuan, eta Mañeruk egindako eskaera ez da aurrera aterako.

“Eremu ez euskaldunean jarraitzen duen bailarako herri bakarra gara; duela sei urte eremu mistora pasa ziren gainerako herri guztiak eta bakarrik geratu gara. Herri horiekin ez da inongo arazorik egon, zergatik orain bai? Ez dugu PSNren jarrera ulertzen, ez dugu ulertzen zergatik dauden ezezkoan. Gainera, argudioak ere ez dira ulergarriak. Noiz arte jarraitu behar dugu eremu ez euskaldunean?”, dio alkateak.

"Eremu mistora igaro diren bailarako herriekin ez da inongo arazorik egon, zergatik orain bai? Ez dugu PSNren jarrera ulertzen"

Udalaren erabakimen ahalmenaz ere ez du gauza onik esaten Nafarroako Parlamentuak bere proposamena atzera botatzeak. “Gu gara hemen bizi garenak, baina haiek hartuko dute erabakia; argi dago erabakitzeko orduan gutxietsi egin gaituztela”.

Batzuek euskara konfrontaziorako erabiltzen dutela ere badio Nuria Garciak. Kontuak kontu, Mañeru eremu mistora igarotzeko borrokarekin jarraitzeko asmoa berretsi digu, eta datozen udal hauteskundeen ostean Mañerun izango den udalbatzak gaiari segida ematea gustatuko litzaioke.