argia.eus
INPRIMATU
Mañeru herriak eremu “ez euskaldunetik” mistora igarotzea eskatu du eta parlamentuak du azken hitza
  • Mañeruko bizilagunen nahiarekin bat egin zuen aho batez udalbatzak apirilean: eremu "ez euskaldunetik" mistora pasatzea. Eskaera onartu ala ez hilabete honetan bozkatuko du Nafarroako Parlamentuak, eta PSNren botoak erabakigarriak izango dira.

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 03a
Herriko haurren hiru laurdenak D ereduan daude matrikulatuta. Argazkia: Mañeruko Udala

Euskararen Legeak Nafarroan sortzen duen zonifikazioari aurre egin eta eremu ez euskaldunetik mistora igaro nahi du Mañeruk. Euskalerria Irratian Jabi Arakama Geroa Baiko parlamentariak azaldu duenez, aldaketa eskatzeaz gain udalbatzak aldarrikatu nahi izan du euskara berezko hizkuntza duela Mañeruk: datu historikoek hala adierazten dute, baita egungo datuek ere. Herriko haurren %75ak, adibidez, D ereduan ikasten du, Garesen.

Aldaketa eskatzeko, eskubideez mintzatu da udalbatza, ondoko herriek baino eskubide gutxiago ezin dutela izan argudiatuz. Izan ere, 2017an zonaldeko 40 udalerrik baino gehiagok eman zuen saltoa, eremu ez euskaldunetik mistora. Ordura arte, inguru horretan Lizarra eta Gares ziren salbuespena. Mañerun ere, 2017an herritarrek bozkatu zuten eta garbi utzi zuten beren borondatea: herrian erroldatutakoen erdiak baino gehiagok eremu mistora igarotzearen alde bozkatu zuen, baina Udalean garai hartan zegoen ordezkaritzak ez zuen horretarako bide eman.

Gaur egun, Euskarabideak egindako inkestaren arabera, herritarren bi heren dago zonalde mistora pasatzearen alde Mañerun, eta pausoa ematen saiatuko dira. Herritarren hizkuntza eskubideak hobeto bermatzeko modua dela nabarmendu du Arakamak Euskalerria Irratian.

Nafarroako Parlamentuaren esku

Euskararen Legean aldaketak egiteko, 50 parlamentarietatik 26ren babesa behar da, eta hori dela-eta, PSNren sinadura lortzen saiatu dira hilabete hauetan Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda Ezkerra. Izan ere, PSN edo Navarra Sumaren aldeko botoak beharko ditu proposamenak, aurrera ateratzeko. PSNn, hilabeteak joan eta etorri, “ez ziguten esaten baietz edo ezetz, hitz egiten ari zirela, zalantzak zituztela…”, kontatu du Arakamak, eta azkenean, PSNren sinadura gabe aurkeztu dute eskaera parlamentuan: “Argi geratu zaigu sinatu ez dutela sinatuko, ikusiko dugu bozketan zer egingo duten”.

Parlamentariak irratian azaldu duenez, urtarrilean zehar edo beranduen otsaila hasieran espero dute bozketa egitea, eta printzipioz ez du ikusten PSNk kontra bozkatzeko arrazoirik, “hauteskundeen bueltako arrazoiengatik ez bada”. Euskarari lotutako gaietan, PSNk errealitate soziolinguistikoa aipatu ohi duela eta Mañeruko errealitate soziolinguistikoa garbi dagoela nabarmendu du Arakamak.