argia.eus
INPRIMATU
Mañeru, gure iparrorratza

Aritz Santamaria @RekarteAritz 2023ko otsailaren 08a

Aurreko ostegunean Mañeru eremu mistoan sartzeko lege proposamena atzera bota zuten PSNk eta Navarra Sumak Nafarroako Parlamentuan. Ezezkoa eman ez ezik, gogor ere agertu zen PSN. Mañeruko Udalak aho batez eremu mistoan sartzea onartu zuen arren, legea ez zen onartua izan, eta beraz, Mañerun euskarak ez du behar beste babesik izango. Hauteskundeak ate joka daudela, tantoa apuntatzeko aukera ezin hobea zirudien sozialistentzat. Alabaina, PSNk berriz ere euskarari trabak jarri dizkio, hots, euskararen osasuna hobetzearen kontra agertu da.

Hasieratik has gaitezen: egun indarrean dagoen Euskararen Foru Legea 1986an onartu zen. Are atzerago jo dezagun; 1980an Nafarroako Parlamentuak euskara Nafarroa osoan ofiziala izateko ebazpena onartu zuen. Egun horretan ebazpenak PSNko aldeko botoak jaso zituen. Jakina da Espainiako Gobernuak ebazpena ezerezean utzi zuela eta zonifikazioaren ideiaren ondorio dela egungo Euskararen Foru Legea.

Aukera bikaina zuen PSNk, behingoz, euskarari eta euskaldunoi keinua egiteko; Mañeruren borondatea besterik ez zuen onartu behar

Lege honek, zorionez, aldaketak jaso ditu, gutxi izan badira ere. Adibiderik esanguratsuena 2017an emandako aurrerapausoa da: Nafarroako 44 herri eremu mistora igaro ziren, eta, halaber, Atez herria eremu euskaldunean dago geroztik. Ezetz asmatu zer bozkatu zuen PSNk oraingoan? Bai horixe! Ezezko botoa eman zuen.

Bistakoa da PSNk euskararekiko duen obsesioa edota beldurra. Hori bai, Txibite lehendakaria Irulegiko aurkikuntzan argazkiko lehen ilaran atera behar zen… Aurreko azaroan hizkuntza baskonikozko testurik zaharrena aurkitu zuten Aranzadiko ikerlariek, Irulegiko mendian. K.a.I. mendeko testua da eta “sorioneku” inskripzioa antzeman daiteke bertan. Aurkikuntza altxor gisa definitu zuen Txibite lehendakariak, euskara dugun  altxorraz behin eta berriz ahazten den lehendakari berak.

Haria berriz hartuz, aukera bikaina zuen PSNk, behingoz, euskarari eta euskaldunoi keinua egiteko; Mañeruren borondatea besterik ez zuen onartu behar. Ezin aipatu gabe utzi Mañeruko Udalaren eskaera zentzuduna dela, oso: gehiengoak D ereduan ikasten du eta eremu mistotik kanpo dagoen herri bakarra da bailara osoan. Nork daki, horrela, bozka batzuk berenganatu zitzaketen ere. Arestian esan bezala, PSNk kontrako botoa eman zuen, Navarra Sumarekin bat etorrita, eta Mañeruk zonalde ez-euskaldunean jarraituko du.

Euskararen legeari eta nomalizazioari dagokionez, PSN eta UPN ezin dira bereiztu,  jarrera bera baitute

Jarrera horrek bi gogoeta eragiten ditu. Lehenik eta behin, euskararen legeari eta nomalizazioari dagokionez, PSN eta UPN ezin dira bereiztu,  jarrera bera baitute. Bigarrenik, alderdi sozialistaren kupulan egin dituzten kalkuluek gauza bat pentsatzera gonbidatzen dute: ez ote duten UPNrekin gobernua adostuko hurrengo hauteskundeetan, alegia.

Gauzak horrela, nafarrok sorionekuak izango gara PSNk jokabidea aldatzen duenean, euskararen osasunak hobera egingo baitu. Irulegiko eskuaren aurkikuntzaren harira, Gontzal Mendibilen hitz batzuk ekarriko ditut gogora: "Gatozenetik goaz". Eta hortxe, hain zuzen, gure iparra.

Aritz Santamaria