Euskaltzale guztiak larunbatean antolatutako elkarretaratzera gonbidatu ditu Mañeruko Udalak eta Hordago ekimenak, eremu mistora pasatzeko eskaria Nafarroako legebiltzarreko PSN eta UPNk atzera bota izana salatzeko asmoz.
Mañeruko Udalak eta Hordako ekimenak protesta antolatu dute larunbatean, eremu "ez euskaldunetik" mistora pasatzeko eskaria bertan behera gelditu izana salatzeko asmoz. Euskalgintzako eragileak batzen dituen Kontseiluak ere bertara joateko deia egin du. Otsailak 11ean Mañeruko Foruen Plazan izango da ekimena eguerdiko 12:30ean. Euskaltzale guztiak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte. Ordu erdikoa izango da elkarretaratzea, eta ondoren, antolatzaileek hitza hartuko dute.
Legeak inposatutako "eremu ez euskaldunetik" eremu mistora pasa eta hizkuntza eskubideen alorrean aurrera egiteko eskaria egin zuen Mañeruko udalbatzak aho batez urtarrilean. Nafarroako Legebiltzarrak onartu behar zuen aldaketa, ordea. Bozketa egin ondoren, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak alde egin arren, PSNek eta Navarra Sumak aurka bozkatu zuten. Xabier Letonak idatzitako albiste honetan duzue ikuspegi zabalagoa.