argia.eus
INPRIMATU
Mañeru eremu mistora pasatzea eragotzi dute PSN eta Navarra Sumak, eta euskarafobia leporatu diete kalean
ARGIA @argia 2023ko otsailaren 02a
Mañeruko udalbatzaren nahia errespetatzeko eskatu dute Nafarroako Parlamentuaren kanpoaldean. / Iñaki Porto, Noticias de Navarra

Aste honetan bi alderdiek aurreratua zuten ez zutela baimenduko Mañeru eremu mistora pasatzea, eta horren aurrean, Mañeruko alkateak "haserrea eta inpotentzia" azaldu ditu. Aldaketaren alde bozkatu duten alderdiek ere –Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda Ezkerra– PSNren koherentzia falta salatu dute, bailarako gainerako 40 herri baino gehiagok eremu mistorako saltoa egin baitzuten 2017an: "Zergatik Mañeruk ez?", aurpegiratu diote Parlamentuan piztu den hika-mikan.

Mañeruko haurren hiru laurdenak D ereduan ikasten dute Garesen, eta Euskarabideak egindako inkesta baten arabera, herritarren bi herenek eremu mistora pasa nahi dute. Ezezkoaren aurrean, elkarretaratzea egin dute Nafarroako Parlamentuaren kanpoaldean Euskararen Defentsarako Sareak deituta. Euskalgintzaren Kontseiluak ere babestu du, eta euskarafobia salatu dute.

Hemen Ahotsa.info-k egindako bideoa. "PSNk egin duen ekarpen bakarra dirua izan da; baina ez euskararen alde egiteko, euskaltzaleak isilarazteko baizik", salatu du Fermintxo Zabaltza kideak.