argia.eus
INPRIMATU
Mandeuliak ehun urte

Mikel Aramendi 2023ko maiatzaren 29a
Henry Kissinger politikati eta analista, 2008an / Argazkia: World Economic Forum

Heinz Alfred "Henry" Kissinger-en ehungarren urtebetetzeak, espero zitekeen iruzkin/gogoeta zaparradaren erdian, ekarri ditu agian horren aurreikusgarriak ez ziren (ala bai?) ñabardura batzuk.

Hasteko, sorterria ez baina bere herria izan duen AEBetan eduki duen... nola esan, harrera hotza. Hedabide nagusietan aipatu ere ez da egin oroitza; edo aipatu bada, kaiku samarrok aurkitzeko gai ez garen zokoren batera joan da. Eta ozen aipatu denean, gozotasun (eta doitasun) gutxiko iruzkinak aditu ditugula esango nuke. Garai batean Kissingerren esanera idatziko zatekeen Voice of America ofizial samarrak egin diona, demagun. Wikipedia taxuz irakurrita saihestu zitezkeen hutsegiteekin, besteak beste.

Pertsonaiaren ibilbide luzeak baina, batik bat, lehen mailako politikagintzan eman zuen hamarkada eskasak, lituzkeen argi-ilun ikusgarriengatik? Hala balitz, gaitz erdi. Baina, benetan, ez dut uste.

Kissinger politikariari kritika egitea ez da zaila; baina zorrotz egiteak lan gehixeago ematen du. Eta egun hauetan halako gutxi ikusi da. Kissinger intelektuala jorratzeko, bestalde, haren obra irakurri behar da; eta ez da arratsalde bateko kontua. Asko (eta luze) idatzi du, atzo goizera arte.

Ifrentzuan, ehungarren urtebetetze horri Txinako hedabide ofizialetatik (eta inondik ere halakoak ez direnetatik) egin zaion begiramendua. Enbaxadore izendatu berriak etxera egin dion bisitaldia barne. Baina, betiere, Kissingerek irudikatzen duen iraganaren eta gaur egungo egoerari darion garraztasunaren arteko aldea azpimarratuta.

Apustu egin liteke hain zuzen ere horixe izan dela AEBetan haren urtebetetzeari sordina jar ziezaion arrazoi nagusia. Azken urte hauetan, benetako mandeulia izan da Kissinger Estatu Batuetako aginteak gero eta itsuago Txinaren aurka ia ahobatez darabilen erretorika eta praxiaren aurrean. Ez du aukerarik galdu horren kontra hitz egiteko. Dramatismo dezenterekin batzuetan. Edozein delarik administrazioa.

Eta Kissingerri hamaika gauza lepora dakizkioke, baina ezingo du inork aipatu orain esaten duenak ez duela koherentziarik lehen zioenarekin; are gutxiago, burutik aldaratuta dagoela: ajeak, beste edonon dauzka, bistan denez. Eta bestalde, ezta ere ezingo da esan Txinaz ari denean ez dakiela zertaz ari den; horri buruz, AEBko goi-zirkuluetan jantziena ez bada, gehien dakienetako bat izaten jarraitzen du.

Eta horrek berak zer pentsatua eman behar luke.