1995. urtean Ibarran emakume bat bortxatzen saiatu zen gizona lantokiko aldamiotik jaitsiarazi eta epaitegira eraman zuen emakume talde batek, erasoa onartzera behartuz.
Gizona lanean dagoen aldamiotik jaitsiarazi dute, suminduta. Haserre bizian dauden emakumeek erasotzailea dela dioen pankartaren aurrean jarriarazi dute, eta horrela, salaketa ozen eta irmoa eginez eraman dute Tolosako Epaitegira. Han onartu behar izan du baietz, emakume bat bortxatzen saiatu zela. Ordura arte, lasai ibili da kalean, herrian, tabernaz taberna... Kalea berea da, eroso dabil gizonkerien munduan. Erasotutako emakumea, berriz, nola ibiliko da ondorengo egun eta hilabeteetan? Beldurrez ziur aski. Edozeinek edozein momentutan erasotu dezakeela sentituz, biluzik, babesik gabe...Horregatik da txalotzekoa deskribatutako ekintza. Emakumeak, gaur egun bogan dagoen hitza erabiliz, ahaldundu eta erasotutako emakumea babesteko ekintza izan zelako. 1995. urteak utzitako irudia da. Irudi bizia, elkartasunaren irudia, baina berriz ere errepikatu ez dena.
Batek baino gehiagok izango du gogoan Egin egunkariko azal hura. Argazkia Karmele Elizaran tolosarrak atera zuen eta momentu hartan hura «natural-naturala» iruditu bazitzaion ere, gerora ekintza hura kriminalizatzeko gizarte matxistak egindako propaganda kanpainak soka eten zuen, eta horretan geratu zen guztia.
Urteak, iskanbilak eta zurrunbilo hura guztia pasata pozten da Elizaran ekintzan parte hartu izanaz. «Nik argazkia besterik ez nuen atera, baina pozten naiz. Ausartak emakume horiek izan ziren, erasotzailea identifikatu, aldamiotik jaitsi eta epaitegira eraman zutenak», dio.
Ekintza ez zen egun batera mugatu, aurretik ere giroa berotzen ari zen. Emakume bat bortxatzen saiatu eta erasotzailea lasai-lasai zebilen kalean, ezer egin ez balu bezala. Emakumeak sutan jarri zituen horrek, eta horrela elkartu eta ekintza egitea erabaki zuten.
Elizarani goiz hartan deitu zioten telefonoz, ekintza hori egiten ari zirela eta. Egin egunkarian egiten zuen lan eta Ibarrara gerturatu zen argazki kamera eskuan.
Bi argazki besterik ez
Garai hartan, argazki kamerak analogikoak ziren eta bobinan bi argazki besterik ez zituen. Eta hor argazkia. «Une gogorrak izan ziren guztiontzat. Nik ez dut homen inguruan ezer irakurri nahi izan», gogoratu du. Irudia ondorengo belaunaldientzat geratu da, eta hori Elizarani esker da; argi du, ordea, meritua ez dela berea: «Emakume taldearena da meritua. Oso ausartak izan ziren: nik argazkia atera besterik ez nuen egin, urduri, zer aterako zen ere ez nekiela», esan du. Egunkariko erredakziora argazkiarekin iritsi eta oraindik ere ez zekien esku artean zer zuen. Han konturatu zen argazki hark zuen indarraz, eta Eginek azala eman zion.
Gaur egun ere horrelako ekintzak egin beharko liratekeela uste du, aski dela esan behar dela: «Ez gaituzte babesten, ez gaituzte babestuko, guk egin beharko dugu. Ez dakit gaur egun bortxaketa eta eraso gehiago dauden, baina salatu egiten dira: hori da desberdintasuna. Lehen ez ziren esaten eta egoera horren aurrean manifestazioa egitea izugarria izan zen», gaineratu du.
Azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna izango da, eta data horren bueltan 1995. urteak utzitako irudi hura hausnarketarako baliagarria izango delakoan dago Elizaran.
(Artikulu hau Ataria.eus webgunetik ekarria da Creative Commons lizentzia baliatuz)